Itxi

Baskonia

78-83

Baskoniak porrota jaso du Real Madrilen aurka eta zailago du titulua eskuratzea

Erredakzioa

Arabako taldeak 78-83 galdu du Endesa Ligko finaleko hirugarren partida eta Madrileko taldeak garaipen bakarrera du titulua (2-1).

Kirolbet Baskoniak 78-83 galdu du Real Madrilen aurka Endesa Ligako finaleko hirugarren partida eta Madrileko taldeak aurrea hartu du kanporaketan (2-1). Porrot honen ostean, askoz zailago du titulua eskuratzea Arabako taldeak.

Oso ondo ekin dio Baskoniak partidari, 8-0eko partzialarekin. Real Madrili kosta egin zaio Arabako taldearen defentsa gainditzea, baina pixkanaka aldeak murrizten hasi da (8-5). Ondoren, Baskoniak berriro abantaila polita hartu du (17-8), baina Real Madrilek azkar erantzun du, eta puntu bakarrera gerturatu da (19-18). Lehen laurdeneko azken jabetzak ondo baliatu ditu talde gasteiztarrak eta etxekoen aldeko 24-20ko emaitzarekin amaitu dira lehen hamar minutuak.

Bigarren laurdenaren hasieran sei puntuko abantaila hartu du Kirolbet Baskoniak (28-22) , baina Pablo Lasok zuzentzen duen taldeak ez du etsi eta lehen aldiz aurretik jarri da (28-30) atsedenaldira iristeko 4 minutu falta zirenean. Baskoniak aurrea hartu du berriro, baina neurketa berdindu egin du Real Madrilek atsedenaldirako 45 segundoren faltan (37-37). Azken jabetza talde gasteiztarrak izan du puntu bategatik galtzen joan denean, eta Beauboisek azken segundoan sartu duen hirukoari esker, bi puntuko abantailarekin iritsi da Baskonia atsedenaldira (42-40).

Atsedenaldiaren ostean, ondo ekin dio lehiari Kirolbet Baskoniak, 8 puntuko abantaila hartuta (48-40). Jarraian, ordea, Real Madril izan da nagusi eta puntu bakarrera murriztu du desabantaila (51-50). Une horretatik aurrera, neurketa oso parekatua izan da. Hirugarren laurdeneko azken minutuetan nagusi izan da Real Madril, 5 puntuko errenta hartru du (60-65), baina Voigtmannek azken jabetzan sartutako hirukoak bi puntura murriztu du desabantaila (63-65).

Azken laurdenak denetarik izan du. Kirolbet Baskoniak 7 puntuko errenta eskuratu du hasieran (72-65), eta ondoren Real Madrilek neurketa berdindu du (74-74). Azken bi minutuetan, ordea, Real Madril nagusi izan da, Baskoniak huts asko egin ditu jaurtiketetan eta amaieran Real Madril nagusitu da (78-83).

Fitxa teknikoa:

78 - Kirolbet Baskonia (24+18+21+15): Vildoza (10), Beaubois (17), Timma (4), Shengelia (10) eta Poirier (11) -hasierako bostekoa-, Voigtmann (3), Huertas (7), Janning (12), Diop (2) eta Garino (2).

83 - Real Madril (20+20+25+18): Campazzo (6), Carroll (15), Taylor (5), Reyes (4) eta Tavares (7) -hasierako bostekoa-, Causeur (2), Doncic (20), Rudy (8), Llull (2), Thompkins (12) eta Ayon (2).

Epaileak: Jose Antonio Martin Bertran, Miguel Angel Perez Perez eta Carlos Cortés. Teknika adierazi diote Campazzori (20. min). Shengelia kanporatu dute, bost falta adierazita (40. min).