Baskonia
Euroliga
Unicaja-Caja Laboral, (71-76): Baskoniak ondo hasi du Top 16a
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Arabarrek lan ugari egin bahr izan dute Malagako taldea gainditzeko. Ivanovicen mutilek garaipenarekin hasi dute Euroligako bigarren fasea hau.
Caja Laboral Baskoniak garaipen garrantzitsua lortu du Unicajaren aurka Martin Carpena pabilioian Euroligako Top 16ko lehen partidan. Azken emaitza 71-76koa izan da.
Partida bikain hasi zuen Dusko Ivanovicen taldeak hiruko baten bitartez 0-3 aurreratu baitziren. Ondoren, Unicajaren saskiratzea etorri zen eta lasterrean beste bi hiruko sartu zituen Baskoniak (2-9). Alde politak lortu zituen Caja Laboralek hasierako minutuetan, baina Unicajaren erreakzioa oso ona izan zen eta markagailua iraultzea ere lortu zuten (17-12). Lehen laurden honetako azken minutuetan bere joko ona berreskuratu zuen Baskoniak eta bi puntuko aldearekin iritsi ziren lehen hamar minutuen amaierara (19-21).
Bigarren laurdena ere erritmoarekin eta saski aurrean asmatuz hasi zuen Caja Laboralek. Horrenbestez, zortzi punturainoko aldeak lortu zituzten gasteiztarrek (22-30). Unicajak, ordea, ez zuen etsi eta partida berdintzea lortu zuen (33-33). Laurden honetako azken minutuak, ordea, oso ondo jokatu zituen Baskoniak eta atsedenaldira 35-41eko emaitzarekin iritsi ziren.
Atsedenaldiaren ondoren 13-3ko partziala sartu zion Unicajak Caja Laborali eta zazpi puntuko aldea lortu zuten Malagakoek (51-44). Baskoniak bolada txarra pasatu eta bere jokoan berreskuartu zuen. Horren ondorioz bost puntuko abantaila eskuratu zuen Ivanovicen taldeak hirugarren laurdenaren bukaeran (53-58).
Azken laurdenean gizon garrantzitsua izan da Batista Baskoniarentzat. Bikain ibili da defentsan eta erasoko lanean ere. Laugarren laurdena ondo hasi zuen Baskoniak (53-60), baina Unicajak ere ondo erreakzionatu zuen. Malagakoak hurbiltzen ziren bakoitzean, ordea, Baskoniak berriro alde egiten zuen markagailuan. Bazirudien azken minuturako Caja Laboralek erabakita utzi zuela partida, baina bukaerarako 20 segundo falta zirenean hiru puntura hurbildu zen Unicaja (71-74). Azkenean, Caja Laboral Baskoniak uste baino gehiago sufrituta garaipena lortu zuen (71-76).