Itxi

Baskonia

FITXAKETA

Baskoniak Pedro Martinez kargutik kendu eta Perasovic fitxatu du haren ordez

AGENTZIAK | EREDAKZIOA

Entrenatzaile kroaziarrak Gasteizen beteko duen hirugarren aldia izango da. Aurtengo eta hurrengo denboraldirako kontratua sinatu du.

  • Velimir Perasovic, Baskoniaren entrenatzaile berria. Argazkia: @Baskonia

    Velimir Perasovic, Baskoniaren entrenatzaile berria. Argazkia: @Baskonia

Kirolbet Baskoniak ostiral honetan iragarri duenez, Pedro Martinezek ez du klubeko entrenatzaile izaten jarraituko, eta, haren ordez, Velimir Perasovic kroaziarra fitxatu du talde gasteiztarrak.

Hiru partida jarraian galdu ostean hartu du erabaki hori Baskoniak. Euroligako bi (Fenerbahçeren eta Buductonosten aurka) eta Endesa Ligako bat (MoraBanc Andorraren kontra).

"Klubak gaurko egunez jakinarazi dio entrenatzaileari ez duela bere zereginetan jarraituko, eta, horrenbestez, Baskoniako diziplinatik kanpo geratu da", jasotzen du Baskoniak plazaratutako oharrak.

Martinez 2017ko urriaren 27an iritsi zen Baskoniara, eta urtebete eskas egon da taldea zuzentzen. Joan zen denboraldian, Endesa Ligako finalera arte eraman zuen taldea.

Pedro Martinez kargugabetu ostean, Baskoniak berehala jakinarazi du entrenatzaile berriaren izena: Velimir Perasovic. Horrenbestez, kroaziarrak hirugarren aldiz hartuko du Gasteizko taldea zuzentzeko ardura. Perasovicek aurtengo eta hurrengo denboraldirako kontratua sinatu du.

Splitekoa (Kroazia) larunbatean helduko da Gasteizera eta igandean jokatu beharreko Herbalife Kanaria Handiaren aurkako norgehiagokan egongo da entrenatzaile lanak betetzen.

Perasovicek bost urtez jokatu zuen Baskonian, eta, horren ostean, beste bi aldiz aritu da taldea zuzentzen. Lehendabizikoa, 2005/2006 denboraldian; bigarrena, 2015/2016an. Azken horretan, Baskoniak Berlingo Lauko Finalean egotea erdietsi zuen.