Itxi

Baskonia

BUESA ARENAN, 20:30EAN

Baskonia behartuta dago gaur Panathinaikosi irabaztera

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Xavi Pascualek entrenatzen duen talde greziarra play-offetan egoteko eskubidea ematen duten postuetan sailkatuta dago une honetan, seigarren baitago. Bost lehia irabazi eta hiru galdu ditu momentuz.

  • Joan zen denboraldiko Baskoniaren eta Panathinaikosen arteko lehia. Argazkia: EFE

    Joan zen denboraldiko Baskoniaren eta Panathinaikosen arteko lehia. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak Panathinaikos hartuko du gaur Euroligako 9. jardunaldian. Arabarrek ezinbestekoa dute norgehiagoka irabaztea, asteazkenean Armani Milanen aurka galdu ondoren sailkapenaren behealdean baitaude (hamabigarren tokian), bi garaipen bakarrik lortuta.

Europako erlojua gasteiztarren aurka dago, baina oraindik ibilbidea zuzentzeko garaiz daude heldu berri den Velimir Perasovicen eskutik. Kroaziarra duela astebete baino gutxiago iritsi zen Baskoniara, eta ostiralekoa Baskonia zuzentzen emango duen hirugarren partida izango da.

Panathinaikosi aurre egiteko, Perasovicek jokatzeko moduan izan dezake Jayson Granger joko-antolatzaile uruguaitarra, Fenerbahçeren aurkako lehian lesionatu ondoren. Aipatzekoa da Granger eta Perasovic elkarrekin aritu zirela Anadolu Efes talde turkiarrean 2016-2017 denboraldian.

Bestalde, Xavi Pascualek entrenatzen duen talde greziarra play-offetan egoteko eskubidea ematen duten postuetan sailkatuta dago une honetan (seigarren dago). Bost lehia irabazi eta hiru galdu dituzte momentuz. Dena den, etxean erakusten ari den sendotasunak ez du ia islarik OAKAtik at; izan ere, norgehiagoka bakarrean nagusitu da, Buducnosten aurka, hain zuzen ere.

Greziarrek fitxaketa entzutetsuak egin dituzte aurten: Keith Langford eta Ioannis Papapetrou Olinpiakosetik heldu dira, eta Stephan Lasme ere Atenasera bueltatu da Errusiako saskibaloitik (UNICS Kazan).

Behar gorriko neurketa da Baskoniarentzat, eta nahiz eta aurtengo Euroligan Darussafakari baino ez zaion gailendu Buesa Arenan, ezin du kalerik egin bertan. Alabaina, ez du arerio samurra izango aurrez aurre: talde greziarrak ez du erreferente argirik saskipean, baina, ostera, Nick Calathesen aginduetara dantza egiten duen talde oso bizia da.

Parekotasuna nabaria da bi taldeen artean. 23 aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta Baskoniak 11 garaipen eskuratu ditu; greziarrek, berriz, 12. Aitzitik, Panathinaikosek oso gutxitan lortu du Baskoniaren etxean nagusitzea: hirutan besterik ez. Horietako azken garaipena 2016-2017 denboraldian izan zen.

Fitxa teknikoa:

Kirolbet Baskonia: Vildoza, Hilliard, Garino, Shengelia eta Poirier (balizko hasierako bostekoa); Shields, Huertas, Voigtmann, Janning, Diop, Penava eta Gonzalez.

Panathinaikos: Calathes, Langford, Antetokounmpo, Gist eta Lasme (balizko hasierako bostekoa); Thomas, Papapetrou, Pappas, Vougioukas, Lekavicius, Lojeski eta Mitoglou.

Epaileak: Lamonica (ITA), Ryzhyk (UCR) eta Pastusiak (POL).

Pabiloia: Buesa Arena.

Ordua: 20:30.