Itxi

Baskonia

Gaur, 18:30ean

Aurpegi ezagun asko Kirolbet Baskoniaren eta Efesen arteko lehian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Euroligako ustekabeko nagusienetakoa izaten ari da talde turkiarra, zazpi lehia irabazi baititu bederatzi jardunaldiren ostean.

  • Luca Vildoza, Armani Milanen aurka

    Luca Vildoza, Armani Milanen aurka. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak irteera zailari egin beharko dio aurre ostiral honetan (18:30), Euroligako 10. jardunaldian, indartsu dabilen Anadolu Efes talde turkiarraren aurka. Neurketa zuzenean jarraitu Radio Vitorian.

Partida horren atarikoan, hainbat izen propio dira protagonistak, bai kantxan, bai aulkian. Besteak beste, Velimir Perasovic gasteiztarren entrenatzailea bere etxea izandako kantxa batera itzuliko da.

Fase erregularreko lehen herena amaitzear dagoela, orain arteko ustekabeko nagusienetako bat izaten ari da Efes, zazpi lehia irabazi baititu bederatzi jardunaldiren ostean. Laugarren tokian dago sailkapenean, liderra den hirukotearengandik (Real Madril, CSKA eta Fenerbahçe) garaipen bakarrera.

Armani Milan eta Zalgiris Kaunas izan dira turkiarrak azpiratzeko gai izan diren bakarrak. Kontrara, Efesek Fenerbahçe edota Panathinaikos bezalako taldeei irabazi die.

Baskonian aritutako hiru jokalari ohi daude gaur egun Ergin Atamanek zuzentzen duen taldean: Shane Larkin, Rodrigue Beaubois eta Tibor Pleiss. Hiru jokalariek pisu handia dute talde turkiarrean. Hori bai, Larkinek ez dauka Baskonian izan zuen protagonismo bera, minutuak partekatu behar baititu oso ondo ari den Vasilije Micic serbiarrarekin batera.

Efesek ezingo ditu Dogus Balbay eta Metecan Birsen jokalariak erabili, Turkiako selekzioarekin ari baitira. Baskoniak, aldiz, Patricio Garino dauka min hartuta, eta zaila da argentinarrak 2019ra arte jokatu ahal izatea, bihurritu bat baitauka eskuin belaunean. Hartara, Perasovicek hegaleko garbia den jokalari bakarra dauka jokatzeko gertu une honetan: Shavon Shields.

Perasovici dagokionez, kroaziarrak bere hirugarren aroa hasi berri du Baskonian, baina azpimarratzekoa da bi alditan izan dela Efeseko entrenatzailea. Aldi horietako bigarrena joan zen denboraldian amaitu zen, kargutik kendu zutenean.

Gasteizko taldeak Euroligan bizi zuen bolada txarra eten zuen aurreko astean Panathinaikosen aurka; dena dela, oraindik ere urruti dauka etxean jokatuko den Lauko Finalean izateko ametsa, 3-6ko balantzea baitarama orain arte.