Baskonia
Euroliga, 20:30ean
Baskoniak Europako egoerari buelta eman nahi dio CSKA Moskuren aurka
eitb.eus
Arabako taldeak Euroliga irabazteko faboritoaren aurka jokatuko du Buesa Arenan. Denboraldi kaxkarra egiten ari dira arabarrak, orain arte hiru partida bakarrik irabazi baitituzte.
-
Marcelinho Huertas. Foto: EFE
Kirolbet Baskoniak CSKA Moskuren aurka jokatuko du gaur, 20:30ean, Buesa Arenan. Euroligako laugarren garaipena bilatuko du Arabako taldeak, eta, horrela, bolada txarrari amaiera eman nahi dio.
Denboraldi kaxkarra egiten ari da Baskonia. Azken hiru partidetan bakarra irabazi du Arabako taldeak, Panathinaikosen aurkakoa, hain zuzen. Gainerako bi partidetan, porrot egin du, Olinpia Milan eta Anadolu Efes taldeen aurka.
CSKA Moskuk, bestalde, partida bakarra galdu du Euroligan, Buducnosten aurka (93-92). Errusiako taldea Buesa Arenan jokatuko den lauko finalean izateko faboritoa da.
CSKA Mosku txapelketako talderik indartsuena da erasoan, 90,5 puntuko batezbestekoarekin. Gasteizko taldeak Nando De Coloren eta Sergio Rodriguezen jokoa gelditzea izango du helburu, jokalari horiek antolatzen baitute Errusiako taldearen erasoko jokoa.
Baskoniak CSKA Moskuren aurka jokatutako hamabi partidetatik bakarrik bi irabazi ditu, baina, hala ere, Gasteizen itxaropentsu hartzen dituzte talde errusiarraren aurkako norgehiagokak. Etxekoek duten mailarik altuena eman beharko dute partida irabazi nahi badute.
Partidaren datuak:
Kirolbet Baskonia: Granger, Hilliard, Shields, Shengelia eta Poirier; Vildoza, Voigtmann, Huertas, Janning, Diop eta Gonzalez
CSKA Mosku: De Colo, Hackett, Peters, Clyburn eta Hunter; Hines, Higgins, Bolomboy, Antonov, Kulagin, Kurbanov eta Lopatin
Epaileak: Belosevic, Latisevs eta Paternico
Pabiloia: Buesa Arena
Eguna: Abenduak 7, ostirala
Ordua: 20:30