Itxi

Baskonia

13. JARDUNALDIA

Kirolbet Baskoniak hirugarren garaipena kateatu nahi du Euroligan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Goraka datorren Kanaria Handia izango dute aurkari gaur gasteiztarrek, txapelketan sekula jokatu gabeko lehian.

  • Poirier eta Pauli, aurrez aurre Endesa Ligako lehian

    Poirier eta Pauli, aurrez aurre Endesa Ligako lehian. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak Herbalife Kanaria Handia izango du aurrean gaur, 21:30ean, Euroligako hamahirugarren jardunaldian. Perasovicek zuzentzen duen taldeak hirugarren garaipena kateatu nahi du jarraian Europako txapelketa nagusian goraka datorren arerioaren aurrean.

Arabarrak eta kanariarrak berdinduta daude sailkapenean, play-offak jokatzeko eskubidea ematen duen zortzigarren postutik garaipen bakarrera (5 partida irabazi eta 7 galdu dituzte biek).

Salva Maldonadoren ordez Victor Garciak talde horiaren ardura hartu zuenetik, bolada onean ari dira Kanaria Handikoak, Marcus Eriksson suediarraren eta Ondrej Balvin txekiarraren protagonismoa areagotzearekin batera.

Gasteiztarren aldetik, Tadas Sedekerskis eta Patricio Garino oraindik min hartuta daude; beraz, Perasovicek ezingo ditu erabili astebeteren buruan Baskoniak etxetik kanpo jokatuko duen hirugarren partidan. Aurreko neurketa bietan, garaipen bat eta porrot bat izan ditu: garaipena Euroligan, Makabiren aurka, 79-81, eta porrota, Endesa Ligan, Iberostar Teneriferen kontra, 70-63.

Baskonia eta Kanaria Handia 34 aldiz aritu dira elkarren aurka, eta bakoitzak 17 garaipen lortu ditu.

Talde biek orain dela gutxi jokatu zuten aurrez aurre Endesa Ligako partida batean, Buesa Arenan, eta gasteiztarrak erraz nagusitu ziren (91-76). Dena den, neurketa hori ezin erabil daiteke erreferentzia gisa, kanariarrak asko aldatu baitira azken hilabetean.

Fitxa teknikoa:

Herbalife Kanaria Handia: Radicevic, Strawberry, Rabaseda, Tillie eta Balvin –hasierako balizko bostekoa–; Eriksson, Paulí, Oliver, Evans, Báez, Pasecniks, Vene eta Balcerowski.

Kirolbet Baskonia: Granger, Hilliard, Shields, Shengelia eta Poirier –hasierako balizko bostekoa–; Vildoza, Voigtmann, Huertas, Janning, Diop, Penava eta Gonzalez.

Epaileak: Rocha, Pastusiak eta Petek.

Pabiloia: Kanaria Handia Arena.

Ordua: 21:30.