Itxi

Baskonia

Istanbul, 18:45

Lesionatu ugari dituen Baskoniak Euroligako liderra izango du aurkari gaur

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Perasovicek ezin izango ditu Shengelia, Granger, Sedekerskis eta Garino erabili, nahiz eta azken horrek gainerako taldekideekin batera bidaiatu duen.

  • Marcelinho y Sloukas durante el partido de la primera vuelta.

    Marcelinho y Sloukas durante el partido de la primera vuelta. Foto: EFE

Kirolbet Baskoniak lesioz gainezka egingo dio bisita gaur (18:45) Euroligako liderra den Fenerbahçe talde turkiarrari, fase erregularrari dagokion 16. jardunaldian (18:45).

Txapelketako bigarren itzuliari hasiera emango dion norgehiagokari aurre egiteko, Velimir Perasovic gasteiztarren entrenatzaileak ezin izango ditu lesionatuta dauden Tornike Shengelia, Jayson Granger, Tadas Sedekerskis eta Patricio Garino erabili, nahiz eta azken horrek gainerako taldekideekin batera bidaiatu duen.

Hutsune horiek direla-eta, Miguel Gonzalez eta Arturs Kurucs harrobiko jokalariak deialdiarekin bat egin dute. Bertan dagoeneko bazegoen Ajdin Penava bosniar gaztea, partidan zehar zenbait minutu izan ditzakeena, beste jokalari batzuei atseden emateko.

Berez zaila bada txapelketako talderik onenetako baten kantxan jokatzea, erronka are zailagoa bihurtzen da lehen taldeko zortzi jokalari besterik ez badaude lehiatzeko moduan.

Horrez gain, Zeljko Obradovicen taldeak neurketa bakarra galdu du orain arte Euroligan, 75 puntu baino gutxiago jaso ohi ditu lehia bakoitzeko eta Baskoniak garaipen bakarra lortu du turkiarren kantxan jokatu duen azken sei partidetan.

Datu horiek gorabehera, interesgarria izango da Jan Vesely txekiarrak eta Vincent Poirier frantziarrak, hots, txapelketako bi pibot nabarmenetakoek, elkarren artean izango duten lehia. Luigi Datome italiarra ere estu hartu beharko dute gasteiztarrek, jario handiarekin baitabil.

Perasovicek aurreratu duenaren arabera, Shengelia hiru hilabete inguru egon daiteke kantxetatik urruti. Ondorioz, haren faltaren aurrean, arabarrek beste bide batzuk aurkitu beharko dituzte puntuak pilatzeko. Xede horretan Johannes Voigtmann alemaniarrak berebiziko garrantzia izango du. Beste urte batzuetan baino apalago ari den pibotak aurrerapausoa eman beharko du, beraz.

Fitxa teknikoa:

Fenerbahçe: Sloukas, Guduric, Datome, Melli eta Vesely –balizko hasierako bostekoa–; Ali, Green, Lauvergne, Kalinic, Mahmutoglu, Guler eta Duverogliu.

Kirolbet Baskonia: Vildoza, Janning, Shields, Voigtmann eta Poirier –balizko hasierako bostekoa–; Marcelinho, Hilliard, Diop, Kurucs, Gonzalez eta Penava.

Epaileak: Lamonica, Ryzhyk eta Vilius.

Pabiloia: Ülker Sports Arena.

Ordua: 18:45