Baskonia
22. JARDUNALDIA
Baskoniak Bayern hartuko du Buesan, beste aurkari zuzen bat
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Garaipen bakar bateko aldea dago sailkapenean bi taldeen artean: alemaniarrak zazpigarrenak dira, 11 lehia irabazita; gasteiztarrak, aldiz, zortzigarrenak dira, 10 partida irabazi eta gero.
-
Jayson Granger, lehen itzuliko partidan. Argazkia: EFE
Kirolbet Baskoniak beste azterketa garrantzitsu bati egin beharko dio aurre gaur, Buesa Arenan (20:30), Bayern Munich hartuko baitu, Euroligako 22. jardunaldian. Alemaniarrak zazpigarren daude kokatuta sailkapenean, eta, ondorioz, gasteiztarren aurkari zuzenak dira play-offetarako sailkatzeko.
Arabarrak sendo dabiltza azken boladan euren kantxan, bertan jokatutako azken hiru norgehiagokak irabazi baitituzte. Hobekuntza horrek zortzigarren postuari eustea ahalbidetu die, Armani Milanekin berdinduta egon arren (10-11), italiarrek baino puntu gehiago baitituzte alde.
Bayern ere bete-betean dago murgilduta borroka horretan (11-10). Azken norgehiagokan, Fernerbahçeri irabazi zion, bigarren luzapenean (90-86), eta, aurretik, Khimki Moskuri gailendu zitzaion Errusian. Beraz, hirugarren garaipena kateatu nahiko du jarraian talde alemaniarrak.
Baskoniako lesionatuei dagokienez, klubak aste honetan bertan berretsi du Tornike Shengeliak bi edo hiru hilabete gehiago emango dituela jokatu gabe; horrenbestez, ezin izango du parte hartu fase erregularreko azken bederatzi neurketetan.
Haatik, Luca Vildoza, Shavon Shields eta Johannes Voigtmann baskoniarrek aurrerapausoa eman dute azken asteetan, eta, horri esker, Lauko Finalean egoteko itxaropenak bizirik dirau oraindik zaleen artean.
Bide horretan, berebiziko garrantzia duen norgehiagoka izango dute ostiral honetan Perasovicenek; izan ere, emaitzaz gain, puntuen aldeak ere zerikusi handia izan dezake azken sailkapenean, berdinketarik izanez gero.
Ildo horretan, kontuan izan behar da joaneko partidan Bayern sei puntuko aldearekin nagusitu zela (77-71). Alabaina, bere errendimenduak behera egiten du etxetik kanpo, eta horren isla da Munichetik urruti jokatutako 10 neurketatik hiru baino ez dituela irabazi.
Azkenik, aipatzekoa da talde alemaniarrak ere badituela zenbait jokalari min hartuta; Milan Macvan eta Devin Booker, besteak beste. Maodo Lo, berriz, jokatzeko moduan izango da.
Fitxa teknikoa:
Kirolbet Baskonia: Vildoza, Janning, Shields, Voigtmann eta Poirier (balizko hasierako bostekoa); Hilliard, Marcelinho, Diop, Jones, Penava, González eta Kurucs.
Bayern Munich: Jovic, Dedovic, Lucic, Barthel eta Radosevic (balizko hasierako bostekoa); Dangubic, Hobbs, Koponen, Williams, Lo, King, Ogunsipe eta Amaize.
Epaileak: Ryzhyk, Latisevs eta Foufis.
Pabiloia: Fernando Buesa Arena.
Ordua: 20:30.