Itxi

Baskonia

Euroliga (Final-laurdenak)

Caja Laboral-Maccabi, (81-83): Baskoniaren porrota azken segundoan

Andoni Beldarrain

Erredakzioa

Arabarrek bost puntuko abantaila izan dute partidako azken minutuan. Tel-Avivekoek ez dute etsi eta azken jaurtiketan garaipenaren saskiratzea lortu dute. Kanporaketa berdinduta dago (1-1).

Caja Laboral Baskoniak porrota jaso du Maccabiren aurka Buesa Arenan jokatu den Euroligako final-laurdenetako bigarren partidan. Tel Avivekoek 81-83ko emaitzarekin irabazi dute eta aldi berean kanporaketa berdintzea lortu ere (1-1). Hurrengo bi partidak Tel Aviven jokatuko dira.

Partida hasieran Caja Laboral izan da nagusi. Erasoan hobeto jokatu dute baskoniarrek eta sei punturainoko abantailak izan zituzten. Maccabik, ordea, bere jokoa hobetu eta aldeak murriztu zituen. Azkenean, lehen hamar minutuak arabarren aldeko 22-19ko emaitzarekin bukatu ziren.

Bigarren laurdenean jaun eta jabe izan zen Ivanovicek zuzentzen duen taldea. Batik bat hiruko marratik egindako jaurtiketak asmatzeak eman zion abantaila Baskoniari. Etxeko taldeak 12 puntuko aldea ere izan zuen eta zortzi puntuko errentarekin iritsi ziren atsedenaldira (46-38).

Atsedenalditik bueltan gauzak asko aldatu ziren, partida berdindu egin zen. Maccabi sendo eta gogotsu kantxaratu zen. Ondorioz, aldeak murrizten hasi ziren Tel Avivekoak. Hirugarren laurdena bukatzeko minutu bat eta 32 segundo falta zirenean aurrea hartu zuen Maccabik markagailuan (62-63). Baskoniak azken unean laurdena abantailarekin bukatzea lortu zuen (66-65).

Azken laurdena oso eroa izan zen. Hasierako minutuetran Baskonia zen nagusi eta bost puntuko abantaila hartu zuen (75-70). Maccabik, ordea, ez zuen etsi eta berdinketa ezarri zuen markagailuan (75-75). Geroago, Caja Laboral ibili zen hobeto eta partida bukaerarako minutu baten faltan lau puntuko errenta izan zuten gasteiztarrek (81-77). Maccabik bazekien azken unera arte borrokatu behar zuela eta norgehiagoka berdintzea lortu zuen (81-81) bukaerarako 32 segundo falta zirenean. Caja Laboralek baloi jabetza bat izan zuen berdinketaren ondoren eta kale egin zuten gasteiztarrek. Kanpoko taldeari segundo batzuk geratu zitzaizkion eta azken segundoan egin eta saskiratutako baloiari esker garaipena lortu zuen Maccabik 81-83ko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

81 - Caja Laboral (22+24+20+15): Huertas (13), Oleson, San Emeterio (17), Teletovic (16), Barac (6)-hasierako bostekoa-, Ribas, Logan (12), Batista (17).

83 - Maccabi Tel Aviv (19+19+27+18): Pargo (13), Perkins (10), Eidson (2), Eliyahu (7), Schortsanitis (22)-hasierako bostekoa-, Hendrix (4), Pnini (6), Macvan (1), Blu (18).