Baskonia
Buesa Arenan, 20:30ean
Baskoniaren garaipenak Efesen aurka play offaren saria du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Fase erregularra bukatzeko bi jardunaldiren faltan, gasteiztarrek ia eskuan daukate hurrengo fasean egotea, eta turkiarren aurka irabazteak sailkapena ziurta diezaieke.
-
Vincet Poirier, en el partido de ida. Foto: EFE
Kirolbet Baskoniak play-offetan egoteko berebiziko garrantzia duen beste neurketa bat jokatuko du gaur iluntzeko 20:30ean Anadolu Efes taldearen aurka. Turkiarrek ez dute ezer jokoan azken bi jardunaldietan, berea baitute laugarren postua.
Fernando Buesa Arenak fase erregularreko azken partida hartuko du, eta etxeko zaleek beren ekarpena egin nahi dute beste behin ere, taldeak zortzigarren garaipena lor dezan jarraian etxean.
Baskonia seigarren tokian dago une honetan sailkapenean, Panathinaikosekin berdindurik, 15 partida irabazi eta 13 galdu ostean. Haien atzetik daude Armani Milan eta Olympiacos (zortzigarren eta bederatzigarren, hurrenez hurren) garaipen bat gutxiagorekin (14-14). Are atzerago daude Zalgiris Kaunas, Makabi Tel Aviv eta Bayern Munich (13-15), baina aukerekin oraindik ere.
Horien guztien aurretik dago Anadolu Efes, fase erregularrean ibilbide sendoa azaldu eta gero. Talde turkiarrak jakin badaki laugarren amaituko duela fase erregularra; beraz, gerta liteke taldeko jokalari garrantzitsuenek minutu gutxiago jokatzea indarrak aurrezte aldera, eta egoera horretan legoke, besteak beste, Gasteizen aritutako Shane Larkin.
Joko-antolatzaile estatubatuarrarekin batera, Rodrigue Beaubois frantziarrak eta Tibor Pleiss alemaniarrak ere badakite zer den Baskoniaren elastikoa janztea. Efesek Bryant Dunstonen hutsunea izango du. Pibot estatubatuarra jokalari garrantzitsua da bisitarien barneko jokoari dagokionez.
Etxekoen aldetik, ostera, berri nagusia Tornike Shengelia kapitainak senda-agiria jaso berri duela da, eta horrek animo gehigarriak ekar diezazkioke Perasovicen taldeari. Georgiarrak hiru hilabete daramatza kantxetatik kanpo, eta partida hau goizegi izan daiteke berarentzat, nahiz eta entrenatzailek ez duen bere parte-hartzea baztertu. Haatik, ziur egongo ez direnak Matt Janning, Patricio Garino eta Jayson Granger izango dira.
Baskoniak defentsako lan aparta egin beharko du Euroligan puntu gehien sartzen duten taldeen artean dagoen Efesen jarioa geldiarazteko. Gainera, turkiarrek irabazi egin zuten lehen itzuliko partida, eta Gasteizen jokatu dituzten zortzi neurketetatik bost bereganatu dituzte.