Itxi

Baskonia

Buesa Arena, 20:30EAN

Kirolbet Baskoniak Moskun berreskuratu zuen kantxa faktorea aprobetxatu nahi du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

CSKAren aurkako kanporaketa erabakita utzi dezaketen bi partida hartuko ditu Buesa Arenak asteazkenean eta ostiralean.

  • Corey Higgins Vicent Poirier defendatu nahian

    Vicent Poirier, izan zen jokalaririk nabarmenena CSKAren aurkako bigarren lehian. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskonia eta Moskuko CSKA elkarren artean lehiatzen ari diren Euroligako play-offetako bi norgehiagoka jokatuko dira aste honetan (asteazkenean eta ostiralean) Buesa Arena pabiloian.

Gasteiztarren kantxa ia lepo egongo da etxeko taldeak bere seigarren Lauko Finalerako sailkapena lor dezan laguntzeko asmoz. Dena dela, horretarako, arabarrek bi lehiak irabazi beharko dituzte Errusiako talde ahalguztidunaren aurrean.

Izan ere, bi taldeak garaipen banarekin daude, Perasovicen mutilak Moskun garaitzeko gai izan baitziren (68-78) bien arteko bigarren neurketan, lehendabizikoan jipoia jaso eta gero (94-68). Hartara, asteazken honetan kanporaketan aurretik jartzeko aukera daukate baskoniarrek.

Alabaina, etxekoak historiaren aurka ere borrokatu beharko dira, moskutarrek ez baitute inoiz Europan kanporaketarik galdu; gainera, Gasteizen jokatu dituzten 16 partidetatik 10 irabazi dituzte.

Baskoniarentzat albisterik positiboena da taldean ustez hainbesteko izenik ez duten zenbait jokalarik, Hilliard eta Shields kasu, aurrerapausoa emateko ahalmena izan dutela lesionaturik egon diren gainerako taldekideen (Tornike Shengelia, Patricio Garino eta Matt Janning, besteak beste) hutsunea horrenbeste igar ez zedin.

Hiru jokalari horiek lesioetatik atera berriak dira, eta oraindik ere denbora behar dute sasoi betean egon daitezen. Horixe da, hain zuzen ere, Tornike Shengelia kapitainaren egoera.

Vincent Poirier frantziarra, ordea, ezin hobeto ari da, eta horren lekuko da aurreko ostegunean emandako erakustaldia: 14 puntu hutsik egin gabe, 15 errebote eta 32ko balorazioa erdietsi zituen.

Perasovicek egun duen ardura nagusiena Luca Vildoza joko-antolatzailearen egoera da. Argentinarra ez da azken lan-saioetan aritu giharretako arazo batengatik, baina badirudi jokatzeko moduan egongo dela.

Gasteiztarrek garaipena lortu nahi badute, berebiziko garrantzia izango du defentsako lanari gogor hel diezaiotela, CSKA Euroligan puntu gehien sartzen duen taldeen artean baitago (86,4 puntu batez beste).

Zentzu horretan, Moskuko taldeak Nando de Coloren jarioa berreskuratu nahi du, lehendabiziko bi lehietan 11 eta 6 puntu besterik ez baitzituen lortu. Nacho Rodriguezen esku-hartzea ere beharko dute, estreinako partidan bikain aritu bazen ere, 6tik 5 hiruko sartuta, okerrago jardun baitzuen bigarrenean (11tik 4). Corey Higgins eta Will Clyburn izango dira zaindu beharreko beste bi izen nagusiak.

Fitxa teknikoa:

Kirolbet Baskonia: Huertas, Garino, Shields, Shengelia eta Poirier –balizko hasierako bostekoa– Voigtmann, Vildoza, Janning, Hilliard, Diop, Jones eta Gonzalez.

CSKA Moscu: Rodriguez, De Colo, Clyburn, Kurbanov eta Hunter (4) –balizko hasierako bostekoa–; Higgins, Hines, Hackett, Bolomboy, Peters, Ukhov eta Vorontsevich.

Epaileak: Lottermoser, Rocha eta Vilius.

Pabiloia: Fernando Buesa Arena.

Ordua: 20:30.