Itxi

Baskonia

Play-offak

Kirolbet Baskoniak ezin izan du CSKA gainditu Buesa Arenan (77-84)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Talde errusiarrak bere alde jarri du kanporaketa, eta, hartara, arabarrek irabazi egin behar dute ostiralean, bosgarren neurketa joka dadila behartzeko.

  • Nando de Colo Shengeliaren defentsa gainditu nahian.

    Nando de Colo Shengeliaren defentsa gainditu nahian. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak galdu egin du CSKA Moskuren aurka (77-84) asteazken honetan jokatu duen Euroligako play-offetako hirugarren partida. Gasteiztarrek ezin izan dute gainditu talde errusiarrak azaldutako eskarmentua eta Nando de Colo frantziarrak jokatutako partida handia, nahiz eta Vicent Poirier herrikideak ere beste erakustaldi bat eman duen, baina ez da nahikoa izan garaipena Buesa Arenan gera zedin.

Dimitris Itoudisek zuzentzen duen taldeak lehen laurden aparta jokatu du (18-28), eta horrek esfortzu handia egitera behartu du etxeko taldea neurketari buelta emateko ahaleginean. Helburu hori azken laurdeneko hasierako minutuetan gauzatu dute Perasovicen mutilek (65-62, 31. minutua) Matt Janningek jarraian sartutako bi hirukoren bitartez.

Alabaina, azken minutuetan nekea agertu da gasteiztarren lerroetan, eta, horrez gain, De Colok bere taldearen aginte-makila hartu du bata bestearen atzetik saskiratu dituen 12 punturekin. Errusiarren joko-antolatzaileak 28 puntu sartu ditu guztira eta 5 asistentzia eman, 32ko balorazioa lortzeko.

Poirier izan da berriro etxekoan aldetik jokalaririk azpimarragarriena, kanporaketako bigarren neurketan egin zuen legez. Gaurkoan, frantziarrak 19 puntu eta 15 errebote eskuratu ditu, 34ko balorazioa erdiesteko.

Horrenbestez, CSKA 2-1 dago aurretik kanporaketan, eta, hartara, arabarrek irabazi egin behar dute ostiralean, kanporaketako laugarren lehian, berdinketa lortu eta maiatzaren 1ean jokatuko litzatekeen bosgarren neurketa behartzeko.

Janningen lesioa

Norgehiagoka galtzeaz gain, arabarrentzat beste albiste txar bat etor daiteke partidaren ostean; izan ere, Janningek oin-zolako faszian mina zuela amaitu baitu lehia.

Fitxa teknikoa:

77 - Kirolbet Baskonia (18+21+20+18): Vildoza (7), Shields (3), Garino (3), Shengelia (9) eta Voigtmann (12) –hasierako bostekoa–, Huertas (4), Janning (7), Diop (-), Poirier (19), Jones (-) eta Hilliard (13).

84 - CSKA Moscú (28+18+16+22): Hackett (5), De Colo (28), Kurbanov (5), Vorontsevich (6) eta Hines (10) –hasierako bostekoa–, Bolomboy (-), Peters (-), Rodríguez (3), Clyburn (10), Higgins (11) eta Hunter (6).

Epaileak: Robert Lottermoser (Alemania), Fernando Rocha (Portugal), Gytis Vilius (Lituania). Hilliard (Baskonia) eta Hunter (CSKA) kanporatu dituzte faltengatik.