Itxi

Baskonia

82-71

Baskonia, nagusi Manresaren aurka

eitb.eus

Kirolbet Baskoniak 82-71ko emaitzarekin irabazi du Baxi Manresaren kontra jokatu duen partida, eta lehen bi sailkatuekiko garaipen bakarrera jarraitzen du.

  • Baskonia - Manresa. Argazkia: EFE

    Kirolbet Baskonia - Baxi Manresa partidako irudia. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak 82-71eko emaitzarekin lortu du garaipena Baxi Manresaren aurka, Endesa Ligako 30. jardunaldiko partidan. Ondorioz, lehen bi sailkatuak diren Bartzelona eta Real Madril taldeekiko garaipen bakarrera egoten jarraitzen du.

Neurketako lehen saskiraketa lortu duen arren, Baskoniaren hasiera txarra izan da. Manresak zazpi puntu jarraian sartu ditu (2-7) eta bost puntuko abantaila hartu du. Hala ere, Arabako taldeak beste zazpi puntu jarraian eskuratu ditu, eta aurretik jarri da (9-7). Lehen laurdeneko azken txanpan, nagusi izan da Kataluniako taldea, eta hiru puntuko errenta lortu du (11-14).

Bigarren laurdenean erregularragoa izan da Kirolbet Baskonia. Lehen minutuetan parekatuta joan da lehia. Baskoniak aurrea hartu du, baina Manresak eustea lortu du, eta talde arabarrak ezin izan du abantaila handirik eskuratu. Atsedenaldira iritsi aurreko bost minutuetan, Kirolbet Baskonia nagusi izan da, errenta handitzea lortu du, eta hamar puntuko abantailarekin joan da aldageletara (41-31).

Atsedenaldiaren ostean, Perasovicek zuzentzen duen taldearen nagusitasuna nabarmena izan da. Ondorioz, Baskoniak aurretik eskuratutako hamar puntuko errenta mantendu du, eta hirugarren laurdenaren azken txanpan handitu egin du, 16 puntu aurretik iritsi delarik (65-49) azken laurdenera.

Indartsu eta kontzentratuta ekin dio Arabako taldeak laugarren laurdenari. Ez du ezustekorik nahi izan, eta ez du utzi Baxi Manresak aldeak murriztea. Kataluniako taldea ezinean ibili da Baskoniaren defentsaren aurrean, eta arazo gehiegirik gabe, ondo kudeatu du aurreko laurdenean lortutako abantaila. Amaieran, Kirolbet Baskonia garaile (82-71).

Fitxa teknikoa:

82 - Kirolbet Baskonia (11+30+24+17): Vildoza (4), Shields (8), Garino (10), Shengelia (14) eta Poirier (4), -hasierako taldea-, Voigtmann (1), Sedekerskis (2), Huertas (14), Diop (3), Jones (6) eta Hilliard (16).

71 - Baxi Manresa (14+17+18+22): Lundberg (20), Toolson (13), Tomàs (8), Zubcic (1) eta Sakho (4) -hasierako taldea- Orrit (-), Sergi García (7), Jou (3), Murphy (9), Sima (2), Del Aguila (2) eta Muñoz (2).

Epaileak: Jose Antonio Martin Bertran, Luis Miguel Castillo ea Iyan Gonzalez Galvez. Baxi Manresako Sakho (38. min) kanporatu dute.