Baskonia
Finalerdietako 3. partida
Caja Laboral-Bartzelona (61-71): Kanporatuak
Erredakzioa
Ivanovicen mutilek ezin izango dute iazko titulua berriro eskuratu katalanen aurka finalerdietan 3-0 galdu ostean. Xavi Paskualen mutilek iazko finaleko mendekua hartu dute.
Gazteizko taldeak agur esan behar izan dio denboraldiari, Buesa Arenan Bartzelonaren aukra 61-71 galdu ostean. Blaugranek 3-0 irabazi dute finalerdietako hirugarren norgehiagoka eta iazko finalak buruan izanda, mendekua hartu dute.
Arabarrek kontraerasoan korrika egiten eta intentsitatea ezartzen saiatu dira hasierako minutuetan, baina Xavi Pascualen mutilak sendo mantendu dira kantxan. Navarrok blaugranen erasoa ondo gidatu du eta Baskoniak akats gehiegi egin ditu. Batistak aurretik jarri ditu gasteiztarrak saskiraketa on batekin (14-12). Hala ere, katalanek 16-20 markagailuan aurretik bukatu dute lehen laurdena.
Bigarren laurdenean Ivanovicen mutilek partida berdintzen saiatu dira, baina Regal Bartzelonak bere jokoa egiten jarraitu du aldea handituz (22-28). Katalanek partida apurtzen saiatu dira, baina San Emeteriok Baskonia partidan mantendu du bi saskiraketa garrantzitsurekin. Atsedenaldira Barça 31-35 aurretik joan da, Caja Laboralek asko sufritu duelako blaugranen erasoa gelditzeko.
Hirugarren laurdenean Bartzelonako jokalriek defentsa gogorrarekin jarraitu dute eta Baskoniak erasoan akats asko egin ditu. Katalanek Perovic bilatu dute taula azpian eta pibotak puntu erabakigarriak lortu ditu 41-47koa jartzeko. San Emeterio emaitza iraultzen saiatu da, baina hirugarren zatia 46-53koarekin bukatu da.
Azkeneko laurdenean gasteiztarrak asko hurbildu dira markagailuan (59-62), baina blaugranek euren jokoa inposatzen jarraitu dute markagailuan aginduz. Navarrok saskiraketa erabakigarria lortu du Bartzelonarentzat minutu baten faltan eta 61-66koa jarri du markagailuan. Azken segundoetan talde katalaneko jokalariek ez dute jaurtiketa libreetan hutsik egin eta garaipena erraz eskuratu dute (61-71).
Fitxa teknikoa:
61. Caja Laboral (16+15+15+15): Huertas (8), Oleson (0), San Emeterio (14), Teletovic (9), Barac (8) -hasierako bostekoa- Ribas (10), Palacio (3), Batista (4), Logan (3) eta Dragicevic (2).
71. Regal Bartzelona (20+15+17+18): Sada (0), Navarro (13), Anderson (12), Lorbek (9), Perovic (10) -hasierako bostekoa-, Rubio (7), Grimau (2), Vazquez (7), Lakovic (3), Morris (0) eta N''Dong (8).