Itxi

Baskonia

14 DENBORALDI NBA-N

Jose Manuel Calderon Baskoniako jokalari ohiak erretiroa hartu du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Bi hamarkada eman ditu goi-mailan jokatzen ACB eta NBA ligen artean. Arabako taldearekin Errege Kopa bat irabazi zuen eta Euroligako txapeldunorde izan zen.

  • Jose Manuel Calderon Tau Ceramicaren elastikoarekin

    Jose Manuel Calderon Tau Ceramicaren elastikoarekin. Argazkia: ETBren bideo batetik ateratakoa

Jose Manuel Calderon (38 urte) Extremadurako joko-antolatzaileak bere kirol ibilbideari amaiera eman dio, saskibaloiko goi-mailan bi hamarkada eman ostean, horietako 14 NBA txapelketan. Hala plazaratu du NBAko webgune ofizialak, Washington Post egunkariaren albiste bati erreferentzia eginez.

Horrenbestez, Calderonek (Villanueva de la Serena) Baskoniako harrobian hasi zuen bi hamarkadako ibilbide arrakastatsua itxi du. Goi-mailako lehen urratsak Alacanten eta Fuenlabradan eman zituen, 2002an Gasteizera itzuli zen arte. Arabako taldearekin Errege Kopa bat irabazi zuen 2003/2004 denboraldian, Badalonako Joventuten aurka.

2005eko abuztuan, NBAra egin zuen jauzi, Makabi Tel Aviven aurka Moskun jokatutako Euroligako finala galdu eta gero, hain zuzen ere.

Estatu Batuetako saskibaloi txapelketan 14 denboraldi egin ditu. Toronto Raptorsekin zortzi urtez jarraian aritu ondoren, Detroit Pistonsera joan zen 2013an, eta gerora beste hainbat talde ezagutu ditu: Dallas Mavericks, New York Knicks, Los Angeles Lakers, Atlanta Hawks, Cleveland Cavaliers eta, azkena, Detroit Pistons bigarren aldiz.

Selekzioei dagokienez, 193 aldiz jokatu zuen Espainiako selekzioarekin, eta zortzi domina irabazi zituen: urrezko bi (2006ko Munduko Txapelketan eta 2011ko Eurobasketean), zilarrezko lau (Pekingo eta Londresko Olinpiar Jokoetan eta 2003ko eta 2007ko Eurobasket txapelketetan) eta brontzezko bi (Rioko Olinpiar Jokoetan eta 2013ko Eurobasketean).

Munduko ligarik onenean jokatzen jarraitzeko aukeraren zain igaro ditu azken hilabeteak, baina ez da iritsi eta Calderonek erretiroa hartzea erabaki du, bulegoetan bizitza berri bati ekiteko. Izan ere, Michel Roberts NBAko jokalarien elkarteko zuzendari exekutiboaren aholkulari berezi bihurtuko da, AEBko prentsaren arabera.