Itxi

Baskonia

11. jardunaldia

Kirolbet Baskoniak astindua jaso du OAKAn (100-68)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Panathinaikos Baskonia baino askoz gehiago izan da, batez ere bigarren laurdenetik aurrera, eta, azkenerako, 32 puntuko aldearekin irabazi du.

  • Nik Stauskas, aurkariz inguratuta.

    Nik Stauskas, aurkariz inguratuta. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak Euroligan bizi zuen une onari amaiera eman dio ostegun honetan, multzoen faseko hamaikagarren jardunaldian, Panathinaikosen aurka OAKAn oso esanguratsua den emaitzarekin galdu eta gero (100-68).

Velimir Perasovicen mutilek Euroligako ibilbidea zuzentzea lortu zuten joan zen astean, jarraian erdietsitako bi garaipenekin. Alabaina, gaurkoan, sufritzea egokitu zaie berriro Buesa Arenatik urrun, batez ere bigarren zatian, non erreboteek eta perimetrotik izandako eraginkortasun eskasak greziarren alde erabaki duten neurketa.

Nick Calathesek maisuki zuzendu du bere taldea (12 puntu, 8 asistentzia eta 23ko balorazioa), baina Baskoniak aurkariaren jardun onari eutsi ahal izan dio bigarren laurdenaren erdiraino (20-17, lehen laurdenaren amaieran eta 32-27, 15. minutuan), Stauskasen hirukoei eta erasoan harrapatutako erreboteei esker (46-36, atsedenaldian).

Hala ere, Rick Pitinok zuzentzen duen taldeak sendotu egin du erasoko lana, neurketa bikaina jokatu duen Jimmer Fredetteren eskutik, batez ere. Jokalari estatubatuarrak 21 puntu sartu, 5 asistentzia eman eta 4 errebote harrapatu ditu. Deshaun Thomas ere ez da atzean geratu (15 puntu eta 8 errebote) eta, jakina, aipatutako Calathes ere ezin hobeto aritu da.

Gasteiztarren aldetik, Tornike Shengelia saiatu da etxekoen jarioa geldiarazten, baina alperrik. Fallek pinturan lortutako puntuek ere (12) ez dute behar adinako laguntzarik eman. Izan ere, hirugarren laurdenean 26-15eko partziala jaso dute arabarrek, eta horrek behin betiko erabakita utzi du neurketa etxekoen alde.

Porrotak hamargarren postuan utzi du Baskonia. Perasovicen mutilek balantze negatiboa dute (5 garaipen eta 6 porrot), baina zortzi onenetatik gertu jarraitzen dute oraindik. Hurrengo erronka Anadolu Efesen aurka izango dute gasteiztarrek, hau da, Euroligako bigarren sailkatuaren kontra.

Porrotaz gain, albisterik okerrena Luca Vildoza argentinarra bigarren zatian jokatu gabe geratu dela da, min hartu baitu sorbaldan.

Fitxa teknikoa:

100 - Panathinaikos (20+26+26+28): Calathes (12), Fredette (21), Papapetrou (11), Thomas (15) eta Papagiannis (6) -hasierako bostekoa-, Rice (12), Thomas (15), Pappas (2), Vougioukas (2), Johnson (9), Wiley (2), Bentil (5) eta Mitoglou (3).

68 - Kirolbet Baskonia (17+19+15+17): Henry (4), Janning (8), Shields (8), Shengelia (11) eta Fall (12) -hasierako bostekoa-, Vildoza (-), Diop (-), Stauskas (12), Pollonara (4) eta Eric (9).

Epaileak: Robert Lottermorser (Alemania), Olegs Latisevs (Letonia) eta Gytis Vilius (Lituania). Ez dute inor kanporatu.