Itxi

Baskonia

73-77

Baskoniak porrota jaso du Andorraren aurka

Erredakzioa

Arabako taldeak 73-77ko emaitzarekin galdu du Buesa Arenan jokatu duen Endesa Ligako 19. jardunaldiko partida.

7:34
Baskonia-Andorra. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak porrota jaso du MoraBanc Andorraren aurka (73-77) Buesa Arenan jokatu duen Endesa Ligako 19. jardunaldiko partidan. Ondorioz, garaipenen bolada etenda ikusi du talde gasteiztarrak.

Lehiatua eta oso parekatua izan da lehen laurdena. Baskoniak lortu du lehen saskiratzea, baina, ondoren bi taldeetako batek ere ez du lortu abantaila handiak hartzea. Andorrak hiru puntuko errenta hartu du (9-12) zazpigarren minutuan, baina etxeko taldeak ez dio utzi alde egiten, eta lehen hamar minutuak berdinduta amaitu dira (17-17).

Hasiera bikaina eman dio bigarren laurdenari Kirolbet Baskoniak, zazpi puntuko errenta lortuta (24-17), baina MoraBanc Andorrak azkar murriztu du desabantaila (28-25). Atsedenaldira iristeko bi minutu t’erdi falta zirenean, berdinduta egon da partida (33-33), eta azken txanpa horretan lau puntuko abantaila erdietsi du talde bisitariak (33-37).

Aldageletatik bueltan, 6-0eko partziala eskuratu du Baskoniak (39-37). Hirugarren laurdeneko lehen minutuetan Arabako taldea izan da nagusi, baina Andorra gailendu da ondoren, eta aurrea hartu du (48-50). Lau puntuko errenta izan du MoraBanc Andorrak laurdeneko azken segundoetan, baina talde gasteiztarra puntu bakarrera gerturatu da, hiruko bat sartuta (51-52).

Dena erabakitzeke heldu da partida azken hamar minutuetara. MoraBanc Andorrak hobeto ekin dio azken txanpari eta abantaila hartu du. Baskonia atzetik ibili da laugarren laurden osoan. Andorrak hamar puntuko abantaila lortu du (57-67) neurketa amaitzeko hiru minutu falta zirenean. Azken minutura iristean, zazpi puntura murriztu du desabantaila Baskoniak (64-71), nahiz eta ez den aurkaria urduri jartzeko gai izan; MoraBanc Andorrak ondo baliatu ditu azken jabetzak eta garaipena lortu du (73-77).

Fitxa teknikoa:

73 - Kirolbet Baskonia (17+16+18+22): Sergi Garcia (5), Janning (7), Shields (18), Shengelia (13) eta Eric (6) -hasierako taldea-, Diop (2), Fall (6), Stauskas (4) eta Polonara (12).

77 - MoraBanc Andorra (17+20+15+25): Hannah (8), Massenat (9), Walker (4), Sy (15) eta Musli (12) -hasierako taldea-, 'Tyson' Perez (2), Krampelij (1), Senglin (7), Jelínek (7) Todorovic (12) eta Daniel Clark (-).

Epaileak: Emilio Perez Pizarro, Alberto Sanchez Sixto eta David Sanchez Benito. Kanporaturik gabe. Teknika adierazi diote Hannah (22. min) Andorrako jokalariari.