Replace this text with the error page you would like to serve to clients if your origin is offline.
Itxi

Baskonia

Euroliga

Azken momentuan galdu du partida Baskoniak (71-72)

Agentziak | Erredakzioa

Arabarrek ondo bideratuta izan dute neurketa azken laurdenean, baina Bartzelonak ez du amore eman eta azkenean kataluniarrek eraman dute garaipena.

  • Luca Vildoza (Baskonia) eta Adam Hanga (Bartzelona)

    Luca Vildoza (Baskonia) eta Adam Hanga (Bartzelona). Argazkia: Efe.

Nicola Miroticek jarritako txapelak garaipena eman dio Bartzelonari Baskoniaren etxean jokatutako partidan (71-72). Euroligako seigarren jardunaldiko neurketa kontrolpean izan dute denbora gehienean Sarunas Jasikeviciusen jokalariek, baina azken laurdenean Baskonia suspertu egin da eta partida irabaztear izan da.

Azken laurdenean kataluniarrak ia sei minutu izan dira saskiratzerik lortu gabe eta arabarrak markagailuan aurretik jarri dira. Hala ere, bi taldeen artean 39 baloi galdu dituzten neurketan, edozer gerta zitekeen azken bi minutuetan. Ivanovicen taldea ez da gai izan partida rebakita uzteko eta Bartzelonak ondo aprobetxatu du hori, Davies eta Miroticen jokoa aprobetxatuz.

Kataluniarrek eraman dute jokoaren eta neurketaren pisua hasieratik, lau eta zortzi puntu bitarteko aldeekin. Mirotic Euroligara itzuli da koronabirusaren ostean, eta puntuak sartu ditu hasieratik. Gasteiztarrek ezin izan dute nahi beste korrika egin, baina Vildoza Miroticen hasierako bolada hori eteteko gai izan da. Henry bere aldetik aritu da eta Calathes, berriz, maisu aritu da jokoa banatzeko lanetan (25-31).

Atsedenaldiaren ostean (37-39), Baskoniak presio handiagoa sartu du, baloi jabetza azkarrekin jokatuz. 56-58ko markagailuarekin hasi dute azken laurdena. Momentu horretan, Bartzelonak arazo handiak izan ditu saskiratzeak lortzeko eta arabarrek eskuan izan dute garaipena lortzea.

17 eta 0eko partzialari esker, eta Achille Polonara buru zuela, Baskoniak partida irauli du azken laurdenaren hasieran: 69-58. Kataluniarren lehen puntuak Alex Abrinesen hiruko batekin iritsi dira, eta hortxe suspertu da gasteiztarren aurkaria. 0 eta 11ko partziala egin eta 71-72 gailendu dira azkenean, Miroticek Henryren azken saiakerari txapela jarri ostean.

Fitxa teknikoa

71 - TD Systems Baskonia (19+18+19+15): Vildoza (8), Dragic (15), Giedraitis (4), Polonara (14) eta Jekiri (10) -hasierako boskotea-, Henry (8), Sedekerskis (1), Diop (-), Fall (11), Peters (-) eta Kurucs (-).

72 - Barça (20+19+19+14): Hanga (5), Higgins (2), Abrines (10), Smits (2), Davies (12) -hasierako bokotea-, Bolmaro (3), Heurtel (5), Oriola (4), Kuric (9), Mirotic (18) eta Calathes (2).