Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskoniak jipoia hartu du Fenerbahçeren aurka

A. B. | EITB Media

Arabako taldeak 96-76ko emaitzarekin galdu du Turkian jokatu duen Euroligako 19. jardunaldiko partida.

1:22
Fenerbahçe - Baskonia

TD Systems Baskoniak porrota jaso du Fenerbahçeren aurka  (96-76) Turkian jokatu duen Euroligako 19. jardunaldiko partidan. Gasteizko taldea ezinean ibili da ia neurketa osoan zehar.

Hasierako minutuetan parekotasuna izan da nagusi (6-6). Ondoren, Fenerbahçe nagusitu da, eta zuloa ireki du markagailuan (15-9). Baskoniak zailtasunak izan ditu Turkiako taldearen defensa gainditzeko, eta kosta egin zaio saskiratzeak lortzea. Fenerbahçek min egin dio Arabako taldeari hiruko jaurtiketen bidez, eta hamar puntuko abantailarekin amaitu ditu lehen hamar minutuak (28-18).

Bigarren laurdenaren hastapenean, desabantaila murriztea lortu du Baskoniak. Ivanovicek zuzentzen duen taldeak defentsako lana gogortu du, eta hobeto aritu da erasoan; ondorioz, bost puntura jarri da (31-26). Fenerbahçe ez da eraso ibili, eta atsedenaldira iristeko 3’30” falta zirenean, puntu bakarrera hurbildu da Gasteizko taldea (38-37). Laurden horretako azken bi minutuetan, ordea, Fenerbahçek zuloa ireki du berriro hiruko jaurtiketen bidez (45-37), Baskonia aldeari eusten saiatu da (45-41), baina hamar puntuko errenta eskuratu du Turkiako taldeak azken segundoetan bi hiruko sartuta (51-41).

Atsedenaldiaren ostean, Fenerbahçe jaun eta jabe izan da. TD Systems Baskonia ezinean ibili da haren aurrean. Arabako taldeak asko sufritu du aurkariaren erasoko jokoa gelditzeko, eta erasoan ez da ondo ibili. Horrela, Fenerbahçek garaipena bideratuta utzi du hirugarren laurdenaren amaierara 19 puntuko abantailarekin iritsita (75-56).

Azken hamar minutuetan, ez da norgehiagokaren gidoia aldatu. Baskonia ez da gai izan desabantaila murrizteko, eta Fenerbahçek eroso jokatu du. Azkenean, TD Systems Baskonia galtzaile (96-76).

Fitxa teknikoa:

Fenerbahçe: De Colo (27), Guduric (9), Ulanovas (5), Duverioglu (8) eta Vesely (17) —hasierako taldea—; Brown (14), Pérez (4), Mahmutoglu (-), Pierre (6) eta Eddie (6).

TD Systems Baskonia: Henry (7), Giedraitis (8), Sedekerskis (8), Polonara (12) eta Jekiri (3) —hasierako taldea—; Vildoza (8), Fall (-), Diop (-), Peters (15), Dragic (12) eta Kurucs (3).

Partzialak: 28-18, 23-23, 24-15 eta 21-20.

Epaileak: Javor, Jovcic eta Panther.