Itxi

Baskonia

Errege Kopa

Baskoniak Kopako finalerdietarako txartela lortu du, Joventut mendean hartuta

A. B. | EITB Media

TD Systems Baskoniak 96-87ko emaitzarekin lortu du garaipena Badalonako taldearen aurka, final-laurdenetako partidan.

Baskonia - Joventut

TD Systems Baskoniak Errege Kopako finalerdietarako txartela lortu du, ostiral honetan Joventuten aurka garaipena lortuta (96-87), final-laurdenetako partidan.

Bikain ekin dio neurketari Baskoniak eta zazpi puntuko errenta eskuratu du (9-2) hasierako bi minutuetan. Ondoren, desabantaila murriztu du Joventutek (10-6), baina ordutik aurrera jaun eta jabe izan da Dusko Ivanovicek zuzentzen duen taldea. Lehen laurdenaren erdialdean hamar puntuko abantaila izan du Baskoniak (16-6), eta Pierria Henryk gidatuta, Arabako taldearen aldeko 28-17ko emaitzarekin bukatu dira lehen hamar minutuak. Henryk azken segundoan sartu duen saskiratzea bikaina izan da.

Bigarren laurdenari hobeto ekin dio Joventutek, eta Badalonako taldeak desabantaila murriztu du, zazpi puntura gerturatuta (37-30). Kosta egin zaio, baina Baskoniak nahiko azkar erreakzionatu du, berriro nagusi izanez, eta abantaila 9 puntura handituz (45-36). Hala ere, sei puntura gerturatu da (45-39) Kataluniako taldea atsedenaldira iristeko hiru minutu falta zirenean. Talde gasteiztarra ez da urduri jarri, berriro nagusi izan da kantxan, eta zortzi puntuko errentarekin iritsi da atsedenaldira (55-47).

Atsedenaldiaren ostean, partidaren gidoia ez da aldatu; TD Systems Baskonia nagusi izan da, eta Joventuti asko kosta zaio Arabako taldearen defentsa-sistema gainditzea, baita erasoak gelditzea. Baskoniak 13 puntuko abantaila ere izan du (64-51), nahiz eta hirugarren laurdena, aldeko 78-68ko emaitzarekin amaitu den.

Errenta politarekin ekin dio azken laurdenari  talde gasteiztarrak, amaierarako bost minutu baino gutxiago falta zirenean, 18 puntuko abantaila izan du Baskoniak (89-71). Bazirudien partida kontrolpean zuela Arabako taldeak, baina erlaxatu egin da, eta Joventutek desabantaila murriztu du, partidako 37. minutuan zazpi puntura gerturatuta (89-82). Hala ere, TD Systems Baskoniak ondo kudeatu ditu azken minutuak eta garaipenak ez dio ihes egin (96-87).

Fitxa teknikoa:

96 - TD Systems Baskonia (28+27+23+18): Jekiri (4), Henry (16), Peters (17), Giedraitis (19) eta Polonara (19) -hasierako taldea-, Raieste, Vildoza (7), Sedekerkis (2), Fall (5) eta Dragic (7).

87 - Joventut (17+30+21+19): Dimitrijevic (8), Lopez-Arçostegui (12), Bassas (5), Parra eta Tomic (14) -hasierako taldea-, Dawson (3), Ribas (6), Morgan (7), Brodzianski (18), Jackson (12), Ventura eta Birgander (2).

Epaileak: Carlos Peruga, Antonio Conde eta Jorge Martinez. Kanporaturik gabe.