Baskonia
Finalerdiak
Baskoniak ezin izan du Bartzelona garaitu, eta ez da Kopako finalean izango (77-68)
A. A. | EITB MEDIA
Gasteiztarrek azken laurdenean egindako lan eskerga ez da nahikoa izan aurretik jokatutako partida txarra zuzentzeko.
TD Systems Baskoniak galdu egin du Bartzelonaren aurka (77-68) Errege Kopako finalerdietan, eta, ondorioz, ezin izango du parte hartu igande honetan jokatuko den finalean. Bertan, Real Madrilek eta gasteiztarren borreroek neurtuko dituzte indarrak arratsaldeko 18:30etik aurrera.
Ez da izan Gasteizko taldearen egunik onena izan, eta ozta-ozta eutsi diote Dusko Ivanovicen mutilek bigarren laurdenaren amaierara arte, hau da, Nikola Miroticek (2) eta Cory Higginsek (1) jarraian sartu dituzten hiru hirukoak iritsi diren arte. Bederatzi puntu horiek neurketa hautsi dute, eta katalanak 11 puntuz aurretik heldu dira atsedenaldira (38-27).
Bigarren zatian, Sarunas Jasiskevicius lituaniarrak zuzentzen duen talde katalanak erraz antzera agindu du markagailuan; aitzitik, bost minuturen faltan Gasteizko taldea 6 puntura hurbildu da 16 eta 5eko partzialaren ostean (69-63), Tonye Jekiri nigeriarraren eta Luca Vildoza argentinarraren ekarpenari esker
Bartzelonari zalantzak sortu zaizkio eta Jekirik lau punturaino murriztu du markagailuko aldea, baina horraino iritsi da Dusko Ivanovicen mutilen erreakzioa, partida jaurtiketa libreen trukaketa bihurtu baita, eta horrek Kataluniako taldeari egin dio mesede. Azkenerako, 77-68 irabazi dute katalanek.
Horrenbestez, azken zortzi urteetan Real Madrilek eta Bartzelonak jokatuko duten bosgarren finala izango da igande honetako, eta Errege Kopako 85. edizioetan aurrez aurre izango diren hemeretzigarren aldia. Madrildarrek Lenovo Tenerife kanporatu dute aurretik jokatu den beste finalerdian (85-79).
Fitxa teknikoa:
77 - Barça (15+23+26+13): Calathes (4), Higgins (15), Hanga (3), Mirotic (16) y Pustovyi (4) -hasierako bostekoa-, Oriola (-), Abrines (9), Davies (8), Westermann (4), Bolmaro (2), Smits (2) eta Kuric (10).
68 - TD Systems Baskonia (12+15+20+21): Henry (19), Dragic (3), Giedraitis (5), Polonara (10) y Jekiri (15) -hasierako bostekoa-, Vildoza (10), Sedekerkis (-), Fall (-), Diop (-), eta Peters (6).
Epaileak: Daniel Hierrezuelo, Antonio Conde eta Rafael Serrano. Ez dute inor kanporatu.