Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskoniak garaipen handia lortu du Zeniten aurka

A. B. | EITB Media

TD Systems Baskoniak 75-79ko emaitzarekin lortu du garaipena Euroligako 30. jardunaldiko partidan. Arabako taldea 18 puntugatik galtzen ibili da partida amaitzeko 11 minutu falta zirenean.

Baskonia

TD Systems Baskoniak garaipena lortu du Zenit San Petesburgoren aurka (75-79) jokatu duen Euroligako 30. jardunaldiko partidan, eta gaurko aurkariarekin berdinduta dago 16 garaipenekin, nahiz eta Errusiako taldeak partida bat gutxiago duen jokatuta, eta Baskoniak ezin izan duen elkarren arteko averagea bereganatu.

Bi taldeei asko kosta zaie saskiratzeak lortzea lehen minutuetan. Pixkanaka, asmatzen hasi dira, eta Baskonia izan da nagusi, zazpi puntuko abantaila lortuta (8-15). Hala ere, Zenitek aldeak murriztu ditu hiruko jaurtiketen bidez, eta lehen hamar minutuak 14-17ko emaitzarekin bukatu dira.

Bigarren laurdenean, ordea, Baskonia ezinean ibili da eta Zenit izan da jaun eta jabe. Arabako taldea oso gaizki ibili da defentsako lanean, eta hiruko jaurtiketak erraz egiteko aukerak eman dizkio Zeniti. Talde errusiarrak Baskoniaren opariak baliatu ditu neurketa hausteko, eta Gasteizko taldea 13 puntuko desabantailarekin joan da atsedenaldira (45-32).

Atsedenaldiaren ostean, Dusko Ivanovicek zuzentzen duen taldeak desabantaila murriztu du hirugarren laurdeneko lehen minutuetan (48-41), baina Zenitek nagusi izaten jarraitu du, hiruko jaurtiketen bidez Baskoniari markagailuan gerturatzeko aukerarik eman gabe. Gainera, etxeko taldea 14 puntuko errentarekin heldu da azken laurdenera (59-45).

Azken laurdenean desabantaila murriztu ezinda ibili da Baskonia. Arabako taldea hamazortzi puntugatik galtzen ibili da, baina ez du etsi eta lan eskerga eginda sei puntura hurbildu da (72-66) amaierarako minutu t’erdi falta zirenean. Ondoren, Henryren eta Polonoraren 2+1eko jokaldi banarekin neurketa berdindu du (72-72). Norgehiagoka berdinduta iritsi da azken minutura, eta amaierako 60 segundoak bikain kudeatu ditu Baskoniak. Bost puntuko abantaila erdietsi du Arabako taldeak azken txanpan, Zenitek hiruko bat sartu du amaierarako bost segundo falta zirenean (75-77), baina amaieran biko saskiratze bat sartuta, garaipenak ez dio ihes egin Gasteizko taldeari (75-79).

Fitxa teknikoa:

75 - Zenit St.Petersburgo (14+31+14+13): Pangos (6), Hollins (1), Ponitka (15), Will Thomas (9) eta Black (0) -hasierako taldea-, Rivers (11), Baron (12), Khvostov (6), Zubkov (4), Poythress (4) eta Gudaitis (4).

79 - TD Systems Baskonia (17+15+13+30): Vildoza (15), Giedraitis (8), Peters (17), Polonara (9) eta Jekiri (8) -cinco inicial-, Henry (7), Sedekerskis (-), Diop (-), Fall (6) eta Dragic (5).

Epaileak: Christos Christodoulou (Grezia), Joseph Bissang (Frantzia) y Sinan Isguder (Turkia). Kanporaturik gabe.