Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskoniak Milan azpiratu du eta play-offetara sailkatzeko aukerak mantentzen ditu

A. B. | EITB Media

TD Systems Baskoniak 86-69ko emaitzarekin lortu du garaipena Armani Exchange Milanen aurka Euroligako 31. jardunaldiko partidan.

  • Diop eta Roll

    Diop eta Roll Baskonia-Milan partidako jokaldi baten. Argazkia: EFE

TD Systems Baskoniak garaipena lortu du Armani Exchange Milanen aurka (86-69) Euroligako 31. jardunaldiko partidan eta play-offetarako txartela ematen duten lehen zortzi postuetan sartzeko aukerekin jarraitzen du.

Huts asko egin dituzte bi taldeek neurketaren hasieran. Baskoniak lehen saskiratzea sartu duen arren, Sergio Rodriguezen hirukoei esker sei puntuko abantaila hartu du Italiako taldeak (4-10). Arabako taldeari asko kosta zaio saskiratzeak sartzea lehen laurdenean, eta Armani Milanen aldeko 10-16ko emaitzarekin amaitu dira lehen hamar minutuak.

Defentsa sendotu du Baskoniak bigarren laurdenean eta erasoan hobetu egin du. Laurdenaren hasieran neurketa berdintzea (16-16) eta aurretik jartzea lortu du (18-16) Dusko Ivanovicek zuzentzen duen taldeak. Ondoren parekotasuna izan da nagusi, nahiz eta momentu baten Baskoniak bost puntuko errenta izan duen (26-21), baina puntu bakarreko abantailarekin soilik iritsi da atsedenaldira (33-32).

Aldageletatik pasatzea ondo etorri zaio Arabako taldeari, hirugarren laurdenean norgehiagoka haustea lortu baitu. Defentsako lan bikaina eginda eta erasoan hobetuta, hamaika puntuko abantaila lortu du Baskoniak (49-38). Gainera, laurdenaren azken txanpan errenta handitu du Petersek eta Giedraitisek sartutako hirukoei esker, amaierako laurdenera 15 puntuko abantailarekin heldu delarik (60-45).

Azken laurdenari ekitean garaipena bideratuta izan du Baskoniak, baina hasieran Armani Milanek desabantaila pixka bat murriztu du Shavon Shieldsen saskiratzeei esker, baina Gasteizko taldea ez da urduri jarri, lan ona egiten jarraitu du, eta lehia kontrolpean izan du. Amaieran, TD Systems Baskonia izan da garaile 86-69ko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

86 - TD Systems Baskonia (10+23+27+26): Vildoza (3), Giedraitis (14), Sedekerskis (9), Polonara (17), eta Fall (4) -hasierako taldea-, Henry (19), Diop (2), Peters (3) eta Dragic (15).

69 - AX Armani Exchange Milan (16+16+13+24): Rodriguez (12), Shields (10), Datome (10), Leday (2) eta Tarczewski (2) -hasierako taldea-, Punter (13), Micov (-), Moraschini (-), Roll (8), Brooks (10) eta Hines (2).

Epaileak: Matej Boltauzer (Eslovenia), Emin Mogulkoc (Turkia) eta Sergio Silva (Mexiko). Kanporaturik gabe. Señalaron falta técnica a Sergio Rodríguez (min. 34).