Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskoniak galdu egin du Anadolu Efesen aurka

A B. E. | EITB Media

Arabako taldeak porrota jaso du (87-72) Turkian jokatu duen Euroligako 15. jardunaldiko partidan.

  • Anadolu Efes - Baskonia

    Anadolu Efes - Baskonia partidako irudia. Argazkia: EFE

Bitci Baskoniak galdu egin du Anadolu Efesen aurka (87-72) astearte honetan Turkian jokatu duen Euroligako 15. jardunaldiko partida. Lehen hiru laurdenetan eutsi egin dio aurkariari Arabako taldeak, baina azken laurdenean nagusi izan da etxeko taldea.

Nagusi izan da Baskonia lehen laurdenean, eta azkar lortu du markagailuan zuloa irekitzea (2-8 eta 4-10). Arabako taldeak asmatu egin du erasoan, defentsa sendoa eginda aurkariari saskiratzeak sartzea zail jarri diolarik. Lehen hamar minutu onak jokatu ditu Baskoniak eta zortzi puntuko errenta eskuratu du (13-21).

Bigarren laurdenaren hasieran desabantaila murriztea lortu du Anadolu Efesek (18-21), eta neurketa parekatu egin da. Bitci Baskonia aurretik ibili da markagailuan ia laurden guztian zehar, baina atsedenaldira iristeko bi minutu falta zirenean Efes jarri da aurretik (35-34), eta Turkiako taldea puntu bateko abantailarekin joan da atsedenaldira (43-42).

Atsedenaldiaren ostean, hobeto kantxaratu da etxeko taldea. Anadolu Efesek ondo ekin dio hirugarren laurdenari, lehen minutuetan zortzi puntuko abantaila erdietsita (51-43). Baskoniak, ordea, azkar erantzun du, ez dio utzi aurkariari ihes egiten, eta aurretik jartzea ere lortu du (53-54). Laurdenaren azken txanpan berriro errenta polita eskuratu du Efesek (63-56), baina Spahijak zuzentzen duen taldeak lau puntura murriztu du desabantaila (66-62).

Azken laurdenaren hasiera oso txarra izan da Gasteizko taldearentzat. Anadolu Efesek Baskoniaren defentsako lana apurtzen jakin du, eta mota guztietako saskiratzeak sartuta, hamaika puntuko abantaila erdietsi du (77-66) amaierarako bost minutu falta zirenean. Oso maldan gora jarri zaio neurketa Baskoniari, saiatu da aldeak murrizten, baina erasoan ez da fin ibili, aurkariak ez dio erraztasunik eman, eta galtzaile atera da (87-72).

Fitxa teknikoa:

Anadolu Efes: Larkin (16), Beaubois (7), Bryant (2), Moerman (15) eta Dunston (-) --hasierako taldea--; Simon (-), Pleiss (17), Micic (24), Anderson (-), Singleton (-) eta Petrusev (6).

Bitci Baskonia: Granger (17), Baldwin IV (10), Sedekerskis (8), Giedraitis (5) eta Enoch (5) --hasierako taldea--; Peters (9), Fontecchio (17), Costello (-), Nnoko (1) eta Kurucs (-).

Parctzialak: 13-21, 30-21, 23-20, 21-10.

Epaileak: Pukl, Panther eta Kowalski. Kanporaturik gabe.