Itxi

Baskonia

Endesa LIgako play-offak

Baskoniak galdu egin du Real Madrilen aurka (94-84) finalerdietako kanporaketako lehen partida

A. B. E. | EITB Media

Bitci Baskoniak porrota jaso du Madrilen jokatu duen Endesa Ligako play-offetako finalerdietako kanporaketako lehen neurketan. Bigarren norgehiagoka larunbatean jokatuko da.

5:00
Real Madril-Baskonia ligako lehen finalerdia

Bitci Baskoniak porrota jaso du Real Madrilen aurka (94-84) ostegun honetan Madrilen jokatu duen Endesa Ligako play-offetako finalerdietako lehen partidan. Bigarren norgehiagoka larunbatean jokatuko da.

Bi taldeei asko kosta zaie lehen saskiratzeak sartzea. Lehenengo Real Madrilek lau puntu jarraian lortu ditu (4-0), baina Baskoniak azkar erantzun du (5-4). Bosgarren minutura iritsi aurretik Arabako taldeak aurrea hartu du markagailuan (5-6). Ondoren, parekotasuna izan da nagusi (8-8 eta 11-11). Lehen laurdenaren azken txanpan Real Madrilek gehiago asmatu du aurkariaren ate aurrean eta hiru puntuko abantailarekin amaitu ditu lehen hamar minutuak (22-19).

Bigarren laurdenari ondo ekin dio Bitci Baskoniak eta lehia berdindu du (25-25) hiru minuturen ostean. Neurketa parekatuta egon da, baina laurden honetako bosgarren minututik aurrera Real Madrilek zuloa ireki du markagailuan, zazpi puntuko errenta lortuta (35-28). Aurkariaren bolada ona eteten jakin du Baskoniak bigarren laurdenaren azken txanpan, eta lehia berdintzea lortu du (40-40) laurdena amaitzeko minutu bakarra falta zenean. Minutu horretan saskiratze bat gehiago lortu du Real Madrilek eta partida etxeko taldearen aldeko 44-42ko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.

Atsedenaldiak ez dio mesede egin Baskoniari, hirugarren laurdenaren hasieran 15-0eko partziala jaso baitu (59-42). Maldan gora jarri zaio partida Gasteizko taldeari; gainera, Real Madril joko-maila bikaina eskaintzen ibili da, baina Baskoniak ez du etsi, laurdenaren azken txanpan Costello agertu da hirukoak sartzeko, eta desabantaila 11 puntura murriztu du (74-63).

Petersen hirukoak (74-66) esperantza piztu du Baskonian azken laurdenari ekiterakoan (74-66), baina Real Madrilek beste hiruko batekin erantzun, eta hotz utzi du Arabako taldea (77-66). Euskal taldeak desabantaila murriztu nahi izan du, baina huts asko egin ditu jaurtiketetan, baloiak galdu ditu, eta Real Madril horretaz baliatu da abantaila handitu eta amaierarako bost minutu falta zirenean norgehiagoka erabakita uzteko (87-68). Baskoniak emaitza txukundu du azken txanpan, baina galtzaile atera da (94-84).

Fitxa teknikoa:

94 - Real Madrid (22+22+30+20): Hanga (7), Taylor (4), Causeur (16), Yabusele (10) eta Tavares (12) –hasierako taldea–, Llull (9), Nuñez (-), Poirier (11), Deck (8) Randolph (3), Klavzar (-) eta Rudy (14).

84.- Bitci Baskonia (19+23+21+21): Baldwin IV (10), Fontecchio (4), Giedraitis (10), Peters (15) eta Enoch (9) -hasierako taldea- Sedekerskis (5), Kurucs (3), Raieste (-), Marinkovic (11), Wetzell (2), Granger (3) eta Costello (12).

Epaileak: Benjamin Jimenez, Carlos Cortes eta Javier Torres. Ez dute inor kanporatu.