Baskonia
ENDESA LIGAKO PLAY-OFFAK
Baskoniak azken aukera izango du kanporaketan bizirik jarraitzeko
EITB MEDIA
Bitci Baskonia eta Real Madrilen arteko Endesa Ligako hirugarren partida ekainaren 7an jokatuko da, 21:00etan. Madrildarrak nagusi dira eta 2-0eko aldea dute Baskoniaren aurka.
-
Jayson Granger Baskoniako jokalaria Real Madrileko Rudy Fernández jokalariaren aurka. Argazkia: EFE
Bitci Baskoniak Endesa Ligako 2021-2022 denboraldiko play-offetako finalera sailkatzeko azken aukera du. Buesa Arenan jokatuko da hirugarren partida, astearte honetan, 21:00etan. Talde zuria da ligako liderra, finalerdietako kanporaketako bi partidak irabazita.
Spahijaren taldeak 94-84 galdu zuen talde zuriaren aurka ekainaren 2an Madrilen jokatu zen finalerdietako kanporaketako lehen partida. Bigarren partidari dagokionez, beste behin, Real Madrilek garaipena lortu zuen Baskoniaren aurka (83-71). Horrela, talde baskoniarra hurrengo partida irabaztera behartuta dago sailkatu ahal izateko.
Neven Spahijaren mutilek ezin izan diote talde zuriaren saskiratze erritmoari jarraitu. Horrez gain, hiruko jaurtiketetan asmatu ez izanak taldearen porrota eragin zuen partidetan, batez ere bigarrenean.
Real Madrileko entrenatzailearen miokario-infartuari dagokionez, Pablo Lasok ospitale-alta jaso du astearte honetan. Hala ere, ezin izango du gaurko partidara joan eta haren ordez, Chus Mateo laguntzailea izango da bertan.