Itxi

Baskonia

76-69, Real Madrilen aurka

Caja Laboralek ezin izan du finalerako txartela lortu

Erredakzioa

Real Madrilen aurka 76-69 galdu du talde arabarrak finalerdietako bosgarren partida. Laugarren laurdenean utzi du erabakita norgehiagoka etxeko taldeak. Bartzelona izango dute aurkari finalean.

  • Real Madrilek 76-69 irabazi dio Caja Laboral Baskoniari. Argazkia: EFE

Caja Laboralek ezin izan du Endesa Ligako finalerako txartela lortu, Real Madrilen aurka 76-69 galdu baitu finalerdietako kanporaketako bosgarren eta azken partidan. Lan ona egin du Baskoniak, baina azken minutuetan nagusitu egin zaie etxeko taldea. Ondorioz, Bartzelonak eta Real Madrilek jokatuko dute finala.

Partida ondo ekin zion Caja Laboralek. Lehen minutuak nahiko parekatuak izan ziren, baina pixkanaka, Baskonia nagusitzen hasi eta abantaila garrantzitsuak lortzen hasi zen (5-12). Real Madril, ordea, etxean jokatzen ari zen eta azkar etorri zen merengeen erantzuna; bi puntura murriztu zuten aldea (12-14). Baskoniak berera jarraitu zuen, eta lehen laurdenari amaiera bikaina eman zion aurkariarekiko hamar puntuko abantaila lortuta (14-24).

Bigarren laurdenean, Real Madrilek bere jokoa bizitu, eta aldeak azkar murriztu zituen. Atsedenaldira iristeko 3 minutu eta 57 segundo falta zirenean, aurrea hartu zuten markagailuan (31-30). Baskoniarentzat ez ziren ordura arteko momentu onenak izan, baina talde arabarrak ez zuen etsi eta atsedenaldira iritsi orduko partida berdindu zuen (37-37).

Hirugarren laurdenari gaizki ekin zioten bi taldeek, ia bi minutu eman baitzituzten saskiratzerik lortu gabe. Ondoren, Caja Laboralek bost puntuko abantaila txikia eskuartu zuen (39-44), baina Real Madril ere ez zegoen barkatzeko asmoz, eta lehia berdindu zuen (44-44). Laurden honetako azken minutuak parekatuak izan ziren, baina Real Madril iritsi zen abantailarekin azken laurdenera (53-51).

Azken hamar minutuetan erabaki behar zen guztia. Laurdena hastearekin batera, Baskoniak partida berdindu zuen (53-53) eta ondoren, beste bi berdinketa ere eman ziren (55-55 eta 59-59). Ordutik aurrera, ordea, Real Madrilek agindu zuen kantxan eta markagailuan. Pablo Lasok zuzentzen duen taldea bikain ibili zen hiruko jaurtiketatan, eta zortzi puntuko aldea eskuratu zuen (67-59) partida amaierarako lau minutu falta zirenean. Kolpe latza hartu zuen Baskoniak minutu horietan, baina saiatu ziren aldeak murrizten. Heurtelen saskiratze batek bost puntura gerturatu zuen talde arabarra, baina Real madrilek abantaila kudeatzen jakin zuen, eta azkenean, etxeko taldea nagusitu zuen 76-69ko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

76 - Real Madril (14+23+16+23): Tomic, Suarez, Velickovic (15), Singler (2) eta Llull (7) -hasierako bostekoa-, Pocius (8), Reyes (12), Rodríguez (9), Mirotic (10), Begic (2) eta Carroll (11).

69 - Caja Laboral (24+13+14+18): Prigioni (8), Lampe (10), Teletovic (14), Nemanja Bjelica (2) eta Nocioni (9) -hasierako bostekoa-, Ribas (2), Milkp Bjelica (6), San Emeterio (4), Heurtel (2) eta Oleson (12).

Epaileak: Juan Carlos Arteaga, Daniel Hierrezuelo eta Antonio Conde.