Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskonia azkeneraino saiatu da, baina galdu egin du Bolonian (76-74)

Agentziak | EITB Media

Pablo Lasoren mutilek 16 puntuko aldea irauli dute, eta aukerak zituztela iritsi dira partidaren azken txanpara. Rogkavopoulosek eskura izan du garaipena, baina azken segundoan huts egin du hirukoa.

  • Trent Forrest, Virtus Boloniaren aurkako partidan. Argazkia: Baskonia

    Trent Forrest, Virtus Boloniaren aurkako partidan. Argazkia: Baskonia

Baskoniak 76-74 galdu du Virtus Boloniaren aurka etxetik kanpo jokatu duen Euroligako 20. jardunaldiko partida.

Norgehiagokan denetarik gertatu da. Pablo Lasoren mutilak ondo hasi dira, baina atsedenaldiaren ondoren partidatik atera dira, eta 16 puntuko desabantaila irauli behar izan dute. Neurketaren azken txanpara irabazteko aukerak zituztela heldu badira ere, azkenean, galdu egin dute, eta Gasteizko taldea 'PlayIn' postuetatik urrundu da.

Segundo gutxiren faltan, markagailuan 76-74ko emaitza zegoela, Trent Forrest joko-antolatzaile estatubatuarrak luzapenera bidali ahal izan du partida, baina bi jaurtiketa libre alferrik galdu ditu. Azken jokaldian, Nikos Rogkavopoulos hegaleko greziarrak (baskoniarren onena 13 puntu eta 21eko balorazioarekin) hirukoa jaurti du, garaipenaren bila, baina ez da sartu.

Markus Howard joko-antolatzailea, Tadas Sedekerskis hegaleko pibota eta Kamar Baldwin eskolta kantxan izan gabe, Baskoniak Dusko Ivanovicekin taldea izan du aurrean Virtus Segafredo Arenan.

Jokalari garrantzitsuak falta izan dituzten arren, Pablo Lasoren mutilek Isaïa Cordinierrek gidatutako Virtusen erasoa geldiaraztea lortu dute, eta lehen laurdena bederatzi punturekin amaitu du etxeko taldeak. Gainera, tarte horretan Baskoniak egindako zortzi jaurtiketa libreak sartu ditu, eta defentsan egindako lan onari esker sei puntuko aldea lortu du laurdenaren amaieran (14-20).

Aldea bederatzi punturaino iritsi da bisitarien alde, eta tarte hori galtzen hasi dira taldekide ohi bat, Achille Polonara, bere jokoa egiten hasi denean; izan ere, hegaleko italiarraren hamar tantoek transalpinoak hurbildu dituzte markagailuan.

Gainera, baskoniarrek nabarmen huts egin dute jaurtiketa libreetan, eta barruko jokoan pisuzko jokalarien falta nabaritu dute. Soilik Timothe Luwawu-Cabarrot hegaleko frantziarraren sei puntuei esker heldu dira aurretik atsedenaldira (37-38), baina egoera aldageletatik itzuli bezain laster aldatu da.

Matt Morgan joko-antolatzaile estatubatuarrak hartu du agintea bigarren zatian (bereak izan dira lehen zazpi puntuak, hiruko batekin eta jarraian lortutako bi puntuko bi saskiratzerekin), eta Ivanovicen mutilek markagailuari buelta eman diote horrela, 18-2ko partziala eginda. Gasteizko taldeak, errebotea itxi ezinik eta erasoan ideiarik gabe, ez du erantzuten jakin.

Trent Forrest estatubatuarrak lehortea hautsi du (55-42), eta, pixkanaka, hirugarren laurdenean, Baskoniak erreakzionatu egin du, 16 puntuko desabantaila iraultzeko. Nikos Rogkavopoulos hegaleko greziarraren hiruko batek, partzialaren amaieran, eta Luka Samanic kroaziarraren bi saskiratzek 7-0eko emaitza itxi dute azken laurdenaren hasieran, eta emozioa itzuli da duelura (59-58).

Luwawu-Cabarrotek lortutako bost puntuek Pablo Lasoren taldea taldea aurreratu dute (62-63) azken txanpa zirraragarrian. Baina, falta bati esker, Morganek, jaurtiketa libreen marratik, Virtus aurreratu du, eta lau puntura urrundu da Polonararen hiruko batekin. Ondorioz, Lasok hutsartea eskatu du (71-67).

Baskonia azken unera saiatu da, Andrejs Grazulisek Donta Halli aurpegian emandako kolpe batek Forresti 76-74koa egiteko aukera eman ostean. Jarraian, Grazulisen hiruko saiakera ez da sartu, eta hurrengo jabetzan Forrestek falta bat jaso du, eta horrek berdinketa lortzeko aukera eman dio Baskoniari.

Estatubatuarrak, baina, huts egin du lehenengoa, eta baita bigarrena ere. Segundo gutxiren faltan, Rogkavopoulosek hirukoa bilatu du, baina ez da sartu, eta Lasoren mutilek bigarren porrota jarraian jaso dute lehiaketa honetan. Horrela, hamabosgarren postuan geratu dira, 8-12ko balantzearekin, Bayern Munichen 11-9ko balantzetik urrun.

FITXA TEKNIKOA

76- Virtus Bolonia: Cordinier (16), Pajola (5), Grazulis (13), Morgan (17) eta Polonara (15) -hasierako bostekoa-; Belinelli (4), Visconti (-), Hackett (3), Diouf (3) eta Akele (-).

74- Baskonia: Forrest (10), Raieste (-), Luwawu-Cabarrot (11), Moneke (6) eta Hall (10) -hasierako bostekoa-; Jaramaz (8), Rogkavopoulos (13), Diop (-), N'Diaye (-) eta Samanic (16).

Partzialak: 14-20, 23-18, 22-16 eta 17-20.

Epaileak: Pukl, Ryzhyk eta Obrknezevic.