Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskoniak ezin izan du Olympiakosen aurka (101-102), eta zortzi partida irabazita jarraitzen du Euroligan

EITB MEDIA

Gasteizko taldeak neurketa ederra egin dutxapelketako lehen sailkatuaren kontra, baina, azkenean, luzapenean, ezin izan du garaipena eskuratu.

  • Jaramaz ondo aritu da defentsan; irudian, 20 puntu sartu dituen Fournierren aurrean (EFE).

    Jaramaz ondo aritu da defentsan; irudian, 20 puntu sartu dituen Fournierren aurrean (EFE).

Baskoniak galdu egin du, 101-102, Olympiakos aurkari, 2024-25 denboraldiko Euroligako 21. jardunaldian, Buesa Arenan, astearte gauean. Hala, Gasteizko taldeak, sailkapenean, zortzi partida irabazita jarraitzen du, txapelketan aurreneko postuan dabilen taldearen kontra galdu eta gero; norgehiagokan emozio handia izan da, eta zaleek joko ona ikusi ahal izan dute.

Neurketaren lehenengo laurdenean berdintasun handia izan da, eta, hori amaituta, Baskoniak puntu bateko aldea zuen, 17-16. Bigarren laurdenean, Gasteizko taldeak sendo jarraitu du Euroligako liderraren aurka; izan ere, atsedenaldian, Lasoren gizonak aurretik zebiltzan, bi puntuz, 42-40. Rogkavopoulosek hamar puntu sartu ditu, Baskoniako beste inork baino gehiago, eta, besteak beste, Donta Hall ere nabarmendu da, zazpi puntu egin eta lau errebote hartu ditu eta. Ondo zebilen Baskonia, eta Buesa Arenako zaleak gozatzen ari ziren.

Hirugarren laurdena, hainbat tartetan, ikusgarria izan da, Baskoniaren aldetik. Euskal Herriko taldeak hamar puntuko aldea ere izan du (57-47, 65-55, 69-59); Olympiakosen erantzuna, baina, egokia izan da, eta, partida amaitzeko hamar minutu gelditzen zirela, Baskonia bi puntuz ari zen nagusitzen, 69-67. Luwawu-Cabarrot bikain ibili da hirugarren laurdenean, eta erasoan zenbaitetan asmatu du.

Partidako 40 minutuetako azken segundoan, Chima Monekek izan du, jaurtiketa zail batean, Baskoniari garaipena emateko aukera, luzapena hasi aurretik, baina baloia ez da sartu. Luka Samanic oso ondo ibili da neurketako azken laurdenean, eta luzapenak ebatzi du, hortaz, zein taldek irabaziko zuen. Luzapeneko bost minutu horietan, Olympiakosek Baskoniak baino pixka bat hobeto kontrolatu du tentsioa, eta, azken finean, garaipena eskuratu du.

Fitxa teknikoa

101 - Baskonia (17+25+27+20+12): Forrest (11), Baldwin (9), Luwawu-Cabarrot (25), Moneke (10) y Diop (2) -hasierako bostekoa-, Jaramaz (2), Rogkavopoulos (14), Samanic (17) eta Hall (11).

102 – Olympiakos (16+24+24+22+13): Williams-Goss (19), Fournier (20), Papanikolau (-), Vezenkov (19) y Fall (12) -hasierako bostekoa-, Larentzakis (1), Peters (-), Milutinov (4), Vildoza (3) eta McKissic (22).

Epaileak: Damir Javor (Eslovenia), Piotr Pastusiak (Polonia) eta Josip Radojkovic (Kroazia).

Nabarmentzekoa: 8.198 zale izan dira, Buesa Arenan.