Baskonia
Euroliga
Baskoniak Monakon izandako erreakzioak ez dio garaipenaren saria eman (92-85)
EITB MEDIA
Arabako taldea hamasei puntuz ari zen galtzen atsedenaldian, Euroligan asteazkenean jokatu duen partidan, baina, neurketako bigarren zatian, lan ona egin du; azkenean baina, garaipenak ihes egin dio.
-
Chima Monekek oso ondo jokatu du hirugarren laurdenean, Monakon. Argazkia: EFE.
Baskoniak Monakoren aurka galdu du, 92-85, 2024-25 denboraldiko Euroligako hogeita bosgarren jardunaldian, Salle Gaston Medecin pabiloian, Monakon, asteazken gauean. Hala, Arabako taldeak, txapelketan 25 partida jokatuta, hamar garaipen ditu, eta, behin-behinean, sailkapeneko hamabosgarren postuan dabil.
Baskoniak ezin izan du ondo aritu lehen zatian. Monako gehiago izan da, eta, bereziki erasoan, Pablo Lasoren gizonak baino sendoago ibili dira. Gasteizko taldean, Luka Samanic izan da onena; kroaziarrak hamar puntu sartu ditu aurreneko hogei minutuetan, eta bera izan da Baskoniaren baliabide indartsuena, partidari eusten jarraitzeko. Arabako taldea hamasei puntuz ari zen galtzen atsedenaldira joan denean, 51-35 hain zuzen ere.
Baskoniak suspertzeko beharra zuen, eta hirugarren laurdenean egin du. Pablo Lasoren taldea bikain aritu da orduan. Chima Moneke oso ondo ibili da, batez ere errebotean, eta berak gidatu du taldea; Baskoniak Monakoren abantaila murriztu du pixkanaka, eta 63-63ko berdinketa ere erdietsi du. Amaierarako hamar minutu gelditzen zirela, Monako lau puntuz ari zen gailentzen, 67-63, eta Baskoniak bazuen aukera garaipena bereganatzeko.
Azken laurdenean, Baskonia markagailuan aurretik ere izan da, 73-74koan eta 79-80koan, baina atsedenaldiaren ostean emandako erantzun onak ez dio saririk eman. Monakok, berriro ere, estutu egin du defentsan, hirugarren laurdenean baino gehiago, eta garaipena eskuratu du. Baskoniak, hortaz, hamar partida irabazi dituela jarraitzen du Europa mailako txapelketa nagusian. Ostiralean, beste jardunaldi batean, Baskoniak Makabi Tel Aviv jasoko du Gasteizen, Buesa Arenan.
Fitxa teknikoa
92 - Monako (23+28+16+25): Calathes (8), Mike James (19), Diallo (15), Cornelie (5) eta Papagiannis (12) -hasierako bostekoa-, Strazel (12), Blossongame (4), Jaiteh (10), Tarpey (3), Begarin (-) eta Motiejunas (4).
85 - Baskonia (18+17+28+22): Forrest (-), Baldwin (6), Luwawu-Cabarrot (10), Moneke (12) eta Samanic (12) - hasierako bostekoa -, Jaramaz (-), Rogkavopoulos (10), Sedekerskis (4), Howard (3) eta Hall (13).
Epaileak: Sasa Pukl (Eslovenia), Milos Koljensic (Montenegro) eta Mario Majkic (Eslovenia).
Nabarmentzekoa: giro ona, Monakoko Salle Gaston Medecinen.