Baskonia
Euroliga
Baskoniak azken hatsean menderatu du Zalgiris (66-65)
AGENTZIAK | EITB Media
Baskonia eta Zalgirisen arteko partida oso parekatua izan zen, batik bat bi taldeek akats ugari egin zituztelako. Neurketa amaitzeko 21 segundo falta zirenean Tim Luwawu-Cabarrotek egin zuen saskiratzeak eman zion garaipena Pablo Lasoren taldeari.
-
Pablo Laso, epailearen aurrean kexaka. Argazkia: EFE
Asko sufrituta izan bazen ere, Baskoniak Zalgiris Kaunas (66-65) menderatu zuen atzo Fernando Buesa Arenan, eta, horrenbestez, Euroligako lehen hamarren artean sartzeko eta play-offak jokatzeko aukerak izaten jarraitzen du.
Fase Erregularra bukatzeko sei partida baino ez dira gelditzen, eta Zalgiris Baskoniaren aurkari zuzena da hurrengo fasera pasatzeko lehian. Neurketa ez zen ona izan, baina bai oso estua, batez ere bi taldeek espero baino akats gehiago egin zituztelako, eta azken segundoetan erabaki zen.
Pablo Lasoren mutilak abantaila politarekin (38-30) joan ziren atsedenaldira. Lituaniako taldeak ez zuen maila ona eman lehen zatian, baina Baskoniak ez zituen ondo baliatu aurkariak egindako akatsak eta galdutako baloiak.
Bigarren zatian, gidoia errepikatu egin zen, eta etxekoak ez ziren fin ibili erasoan. Azken laurdenean, Howard gehiago sartu zen jokoan, eta hiru hiruko sartuta, garaipena Baskoniak eskuratuko zuela ematen zuen.
Hala ere, Zalgirisek emaitza irauli zuen, Brazdeikis eta Smailagicen eskutik, eta Gasteizko taldea kinka larrian ipini zuen. Partidaren amaiera hil ala bizikoa izan zen. Azkenean, Baskonia gailendu zen, Trents Forrestek eta Timothe Luwawu-Cabarrotek azken segundoetan egindako saskiratzeei esker.
FITXA TEKNIKOA
66- Baskonia: Forrest (6), Luwawu-Cabarrot (7), Sedekerskis (3), Moneke (13) eta Diop (2) -hasierako bostekoa-; Rogkavopoulos (3), Howard (13), Jaramaz (-), Hall (11) eta Samanic (8).
65-Zalgiris Kaunas: Francisco (8), Butkevicius (2), Brazdeikis (17), Smailagic (11) eta Birutis (8) -hasierako bostekoa-; Dunston (5), Giedraitis (4), Mitchell (-), Sirvydis (1), Wong (4) eta Ulanovas (5).
Partzialak: 18-12, 20-18, 10-13, 18-22.
Epaileak: Tomislav Hordov (Kroazia), Borys Ryzhyk (Ukraina) eta Gentian Cici (Albania). Ez zuten inor egotzi.