Baskonia
Euroliga
Baskonia aise gailendu zaio Asvel Villeurbaneri (111-75)
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Aldea 55 puntura ere iritsi da sailkapenean interesik ez zuen norgehiagokaren azken laurdenean, etxekoak askoz gehiago izan direlarik.
-
Hall kanastan baloia sartzen. Argazkia: EFE.
Baskoniak Asvel Villeurbanne garaitu du ostiral honetan 111-75eko emaitzarekin. Pablo Lasoren mutilek ez dute ia zailtasunik izan defentsan, eta lehen zatian hautsi dute partida.
Baskonia hobeto sartu da partidan, Trent Forresten gidaritzapean. Hasierako erritmoa ezarri du, eta baloiak atera dizkie taldekideei lehen aldea lortzeko, 18-9.
Asvelek erasoko aukerak hobetu ditu Nando De Coloren sarrerarekin, baina Pablo Lasoren mutilek frantziarren defentsa zigortu dute 30-14koa jartzeko markagailuan, Markus Howarden hiruko batekin.
Bigarren laurdenerako, Markus Howard saskiratzen hasi da, eta Baskoniak 20 puntutik gora handitu du aldea. Asvelek ezin izan du Baskoniaren jokoa gelditu, 9 hiruko sartu baititu lehen zatian, eta horrela, 62-34ko emaitzarekin joan da aldageletara.
Partida hautsita, Frantziako defentsaren ahuleziak bigarren zatiko lehen minutuetan jarraitu du. Markus Howardek, geldiezinik, aldea handitzen jarraitu du. Asvelek ez du oztoporik jarri, eta Gasteizko taldeak 92-53ko emaitzarekin ekin dio azken laurdenari.
Azken laurdenean, Pablo Lasok minutuak eman dizkie gutxien jokatzen duten jokalariei. Asvelek markagailua makillatzeko aprobetxatu du, eta, hala eta guztiz ere, Baskoniaren kolpe gogorra jaso du: 111-75.
Fitxa teknikoa:
111 - Baskonia (30+32+30+19): Forrest (13), Howard (25), Sedekerskis (10), Moneke (14) eta Diop (10) -hasierako bostekoa-; Raieste (2), Savkov (8), Rogkavopoulos (7), Jaramaz (6), Samanic (6), Querejeta (2) eta Hall (8).
75 - Asvel Villeurbanne (14+20+19+22): Maledon (13), Harrison (7), Ajinca (16), Roberson (10) eta Sako (6) -hasierako bostekoa-; Lee (3), Jackson (4), De Colo (10), Lighty (-), Black (2) eta Sissoko (5).
Epaileak: Carmelo Paternico (Italia), Gytis Vilius (Lituania), Tomasz Trawicki (Polonia). Ez dute inor kanporatu.