Baskonia
Endesa Liga
Baskoniak aurre egin dio Real Madrili play-offeko lehen partidan, baina kanporaketa irauli beharko du (82-76)
EITB MEDIA
Euskal taldeak neurketako azken minutuetan ere izan du garaipena lehiatzeko aukera; izan ere, bi aldiz jarri da lau puntura. Etxeko taldeak, baina, gehiago asmatu du. Kanporaketa, orain, Gasteizen jokatuko dute.


Baskoniak 82-76 galdu du Real Madrilen aurka, 2024-25 denboraldiko Endesa Ligako titulurako play-offeko final laurdenetako kanporaketako lehenengo partidan, Movistar Arenan, Madrilen, asteartean. Hala, euskal taldeak bi garaipen behar ditu, orain, txapelketako finalerdietarako sailkatu ahal izateko; Pablo Lasoren gizonek ostiralean irabazi beharko dute, hilaren 6an, Buesa Arenan (21:15ean hasiko da norgehiagoka), eta gauza bera egin beharko lukete hirugarren neurketan. Hori igandean jokatuko lukete, Madrilen, 18:30etik aurrera.
Kanporaketari hasiera eman dion partidan, sendo defentsan eta ondo erasoan, Baskoniak lehen zati ederra egin du Movistar Arenan. Bi taldeak oso parean aritu dira aurreneko laurdenean (15-14 amaitu da hori), eta bigarrenean, ordea, lehenengo minutuetan joko oso ona eginda, Baskoniak zazpi puntuko aldea ere eskuratu du, 17-24koan. Atsedenaldian, Lasoren gizonak puntu bateko abantaila zuten, 37-38ko emaitzaz. Markus Howard izan da Baskoniako onena erasoan, zortzi puntu erdietsita, eta Rogkavopoulosek eta Samanicek ondo lagundu dute hori, zazpina puntu sartuta.
Hirugarren laurdenean, Baskoniak azken minutuetara arte izan du ongi kontrolpean aurkaria; Chus Mateoren taldeak, baina, zortzi puntuko aldea erdietsi du azken laurdena hasi baino lehen. Azken zati horretan, Baskoniak ez du amore eman, eta lau puntura ere jarri da partida amaitzeko gutxi gelditzen zela. Gutxigatik izan da, baina Arabako taldeak ezin izan du garaipena lortu; Gasteizen poltsikoratzen ahaleginduko da, ostiralean, zaleek bultzatuta.
Fitxa teknikoa
82 - Real Madril (15+22+22+23): Campazzo (12), Abalde (14), Hezonja (10), Ndiaye (-), Tavares (16) -hasierako bostekoa-, Bruno Fernando (4), Llull (9), Garuba (5), Feliz (9) eta Hugo Gonzalez (3).
76 - Baskonia (14+24+13+25): Forrest (4), Raieste (3), Luwawu-Cabarrot (9), Moneke (12), Diop (-) -hasierako bostekoa-, Hall (5), Howard (17), Baldwin (2), Samanic (12), Rogkavopoulos (7) eta Sedekerskis (5).
Epaileak: Carlos Peruga, Carlos Cortes eta Vicente Martinez.
Nabarmentzekoa: 9.067 zale izan dira, Movistar Arenan.