Itxi

Baskonia

Euroliga

Caja Laboral, Turkian irabazi beharrean

Erredakzioa

Gasteizko taldeak Andalou Efes menderatu behar du, Euroligako Top 16ra igaro nahi badu.

00:16
Efes Istambul-Caja Laboral, zuzenean, ETB-1en eta eitb.com-en

Caja Laboral Euroligako partida garrantzitsua jokatzera doa Istanbulera, Andalou Efes taldearen kontra. Baskoniak ezin du norgehiagoka galdu, Top 16ra igarotzeko aukerak izaten jarraitu nahi badu. Turkian, besteak beste, Stanko Barac Baskoniaren jokalari ohia izango du aurkari.

Euroligako bi jardunaldi bakarrik geratzen direnean, Gasteizko taldeak irabazteko premiarekin bisitatuko du Andalou Efesen kantxa. Gainera, Armani Milan eta Cedevita Zagreb taldeen arteko emaitzaren zain egon beharko du. Turkiarren kontra galtzen badu eta Armani Milanek kroaziarrak menderatzen baditu, Zan Tabaken mutilak Euroligatik kanpo geratuko dira zuzenean, azken jardunaldia jokatu gabe.

Fernando San Emeterio eta Brad Oleson ere Istanbulen izango dira, arazo fisikoak dituzten arren. San Emeterio ezin izan da astean zehar entrenatu, bikietako batean uzkurdura izan baitu. Estatubatuarrak, bere aldetik, hematoma bat du Lagun Aroren aurkako derbiaz geroztik. Bi jokalariek partida jokatzeko moduan egotea espero dute, Baskonia lagundu ahal izateko Istanbuleko Abdi Ipekçi kantxan.

Baskoniak norgehiagoka bakarra irabazi du Andalou Efes taldearen pistan jokatutako hiru partidetan, 2006-07 denboraldian. Oraingoan, emaitza hura errepikatzea du helburu, Euroligan lehiatzen jarraitu ahal izateko.