Saskibaloia
NBA
Oklahoma City Thunder, NBAko txapeldun
EITB Media
Oklahomako taldeak bereganatu du NBAko eraztuna, Indiana Pacersi Finaletako zazpigarren eta azken partida irabazita (103-91).
-
Oklahoma City Thunder, NBAko txapeldun. Argazkia: EFE
Oklahoma City Thunderrek NBAko eraztuna irabazi du 2025eko Finaletako azken partida Indiana Pacersi 103 eta 91 irabazita. Thunderrek Oklahoman lortzen duen lehen titulua da aurtengoa, nahiz eta frankizia horrek 1979an irabazi zuen titulua, Supersonics izenpean Seattlen jokatzen zuenean.
Thunderrek denboraldi bikaina biribildu du 68 garaipen eta 14 porroteko ligako balantze onenarekin. Hala ere, titulua eskuratzeko gogotik sufritu du, Pacersek Finalak muturrera eraman baititu; zazpigarren eta azken partidaraino hain zuzen ere. Azkenean, 4-3ko emaitza orokorrarekin nagusitu da Oklahomako taldea.
Haliburtonen lesio larria
NBAko Finaletako azken partida ikusgarriak albiste tristea eta irudi beldurgarria utzi du: Indiana Pacerseko joko-antolatzaileak, Haliburtonek, min hartu eta ezin izan du neurketa amaitu.
Haliburtonek hiru hiruko sartu ditu hasierako bost minutuetan, eta beldurra sartu die gorputzean Oklahomako zaleei. Baina handik gutxira iritsi da zoritxarra: joko-antolatzaileak baloi bat jaso du Shairen aurrean, izkin egin du hiruko bat jaurtitzerakoan, eta lurrera erori da garrasika, eskuin hankak huts egin ostean.
Taldekideek Haliburton inguratu dute, eta Paycom Center pabilioia isilik geratu da une batez. Ondoren, estadio osoak txalo zaparrada batekin agurtu du jokalaria. Haliburton, txikituta, aldagelara erretiratu da hanka lurrean jarri ezinda eta malkotan, eskuoihal batekin aurpegia ezkutatuta.
Diagnostiko ofizialaren zain, Haliburtonen lesioak Jayson Tatumen (Boston Celtics) eta Damian Lillarden (Milwaukee Bucks) Akilesen tendoiaren hausturak gogora dakartza, baita Kevin Durantek Golden State Warriosekin 2019ko Finaletan jasan zuena.