Itxi

Saskibaloia

Asteburuan

Asteburuan hasiko da saskibaloi liga

Erredakzioa

Euskal taldeek etxean ekingo diote txapelketari. Laboral Kutxak Gran Canaria hartuko du, Bilbao Basketek CAI Zaragoza eta Guipuzkoa Basketek, berriz, Cajasol.

1:09

Laboral Kutxak, Bilbao Basketek eta Gipuzkoa Basketek asteburuan ekingo diote 2013-2014 Endesa Ligari.

Gasteiztarrek Gran Kanaria hartuko dute igandean Buesa Arenan (zuzenean, 12:15etatik aurrera ETB1en eta eitb.com-en). Laboral Kutxak taldea berritu du aurten eta gaztetasunak sortzen ohi dituen zalantzak lehenbailehen uxatu nahi dituzte, aurreko urteetako maila berreskuratuta.

Taldearen helburuak argi utzi dituzte Josean Querejeta presidenteak eta Sergio Scariolo entrenatzaileak: ligako finalerdietara iristea, Euroligako Top 16an sartzea eta, Errege Kopari dagokionez, aurten Malagan jokatuko den ediziora begira ahalik eta posturik onena lortzea.

Bilbao Basket – CAI Zaragoza, zuzenean

Bilbao Basketek ere etxean hasiko du Liga, CAI Zaragozaren aurka (larunbatean, zuzenean, 20:30etatik aurrera). Kanpoko jokoan zailtasunak izangop dituzte bizkaitarrek Dairis Mertans eta Zoran Vrkic min hartuta dagoelako, eta Alex Mumbruk ere arazo fisikoak dituelako.

Arazo horien ondorioz, Rafa Pueyo entrenatzaileak aurretik prestatutako estrategia aldatu beharko du. CAI Zaragozak ez du inoiz Bilbon irabazi.

Gipuzkoa Basket – Cajasol, igandean

Gipuzkoa Basketek, aldiz, Cajasol hartuko du Illunben igandean, 18:00etatik aurrera.

Sito Alonsok adierazi duenez, sentsazio onak ditu liga hasierari begira eta jokalariak saskibaloi "gosez" daudela gaineratu du.

"Gauza asko dauzkagu demostratzeko, Illunben ez dugulako partida ofizialik jokatu eta zenbait jokalarik ez dutelako Endesa Liga ezagutzen, ezta saskibaloi profesionala ere", esan du entrenatzaile aragoarrak.