Itxi

Baskonia

ACB Finala (0-1)

Bartzelona-Caja Laboral, (58-63): Baskoniak eman du lehen kolpea

Andoni Beldarrain

Erredakzioa

Gasteiztarrek partida ona jokatu eta garaipena lortu dute merezimendu osoz. Lehen partida irabazita 0-1 agintzen dute finalean.

Caja Laboral Baskoniak 58-63 irabazi dio Regal Bartzelonari Palau Blaugranan eta 0-1 agintzen dute gasteiztarrek ACB Ligako play-offen finalean.

Norgehiagoka ezin hobeto hasi zen arabarrentzat. Dusko Ivanovicen mutilek 0-12ko partziala sartu zioten Bartzelonari. Talde katalanren lehen saskiratzea laugarren minutuan iritsi zen (2-12). Baskoniak 14 puntuko aldea ere izan zuen (4-18), baina etxeko taldeak aldeak murriztu zituen 9-0eko partzialarekin (13-18). Azken segundoetara 13-22ko aldeaz iritsi ziren baskoniarrak, baina azken segundoan Basilek lortutako hirukoak 16-22an utzi zuen lehen hamar minutuetako markagailua.

Bigarren laurdeneko lehen saskiratzea Bartzelonak lortu zuen (18-22), baina ondoren 0-7ko eta 0-5eko partzialekin hamabi puntuko aldea lortu zuen Baskoniak (22-34). Ondo zeraman laurdena Caja Laboralek, baina Bartzelonak bere kalitatea atera zuen eta 10-0eko partziala lortu zuen aldeak murrizteko. Horrenbestez, gasteiztarren aldeko 32-34ko emaitzarekin iritsi zen partida atsedenaldira.

Atsedenalditk bueltan Regal Bartzelona hobeto kantxaratu zen eta 11-2ko partzialarekin zazpi puntuko aldea hartu zuen etxeko taldeak (43-36). Ondoren, Baskoniaren erreakzioa etorri zen eta hiru puntuko desabantailaz soilik bukatu zuten gasteiztarrek hirugarren laurdena (48-45).

Azken laurdena ikusgarria izan zen. Baskoniak Teletovicen hiruko batekin partida berdindu zuen (48-48) eta hurrengo jokaldian aurrea hartu ere (48-50). Ondoren, gora beherak egon ziren markagailuan eta norgehiagoka 56na berdinduta zegoen amaierarako lau minutu falta zirenean. Azken minutuetan Caja Laboralek oso ondo jokatu zuen, batik bat Marcelinho Huertas jokoa bikain maneiatu zuelako. Azkenean, garaipena gasteiztarrek lortu zuten 58-63ko emaitzarekin.

Finalean abantaila hartu dute Baskoniarrek (0-1) eta kolpe itzela eman diote Bartzelonari Palau Blaugranan irabazita.

Fitxa teknikoa:

58 - Regal FC Bartzelona (16+16+16+10): Ricky Rubio (3), Navarro (17), Mickeal (5), Lorbek (-), N''Dong (12) -hasierako bostekoa-, Morris (2), Vázquez (3), Lakovic (6), Basile (6), Grimau (4) eta Sada (-)

63 - Caja Laboral (22+12+11+18): Huertas (11), Oleson (4), San Emeterio (10), Teletovic (11), Splitter (16) -hasierako bostekoa- Ribas (3), Eliyahu (-), Palacios (-), Herrmann (2) eta English (6).