Baskonia
Buesa Arena
Caja Laboral-Power Electronics: Finala helburu
Erredakzioa
Baskoniarren proiektu berriak estreinako neurketa ofiziala bere zaleen aurrean jokatuko du Superkopako finalerdiarekin (ostiralean, 19:00etan). Helburua, jakina, finala jokatzea.
Caja Laboral Baskoniak eta Power Electronics Valentziak hasiera emango diote 2010eko Gasteizko Superkopari ostiralean (19:00etan), finalerako txartela jokoan dutela.
Talde gasteiztarrak etxean jokatuko du eta ACB Ligako txapelduna da, aurrean Power Electronics Valentzia izango du. Valentziarrek Euroliga aurrenekoz jokatuko dute eta ilusioz gainezka dira hastear den denboraldirako.
Euren erronkei aurre egiteko, aldaketa sakonak egin dituzte bi taldeek, horregatik goizegi heldu zaie partida bai gasteiztarrei eta baita valentziarrei.
Baskoniarrek lau egun besterik ez dute izan azken fitxaketak, Marcus Haislip eta Nemanja Bjelica, talde-dinamikan barneratzeko. David Loganek, bestalde, zailtasunak ditu Dusko Ivanovicen taldean lekua aurkitzeko.
Partida berezia izango da Florent Pietrusentzat, Power Electronicseko jokalari ohia eta Baskoniak 30 egunerako fitxatuta. Frantziarrak Ivanovic limurtu nahi du eta denboraldi osorako gelditu.
Caja Laboralen aurkezpen-partidan ikusi ahal izan zenaren arabera, aurten beteranoek (Huertas, Ribas, San Emeterio eta Olesonek) eraman beharko dute jokoaren zama, behintzat fitxaketa berriek taldera egokitu arte.
Valentziarren aulkian Manuel Husseinek egingo du debuta, proiektu berria besapean duela. Robertas Javtokasen eta James Augustinen bajak nozituko ditu teknikariak, eta horien eraginak baretzeko asmoarekin, Bruno Sandov erraldoia hautatu dute behin-behineko irtenbide gisa.
Valentziarren arriskua kanpoaldetik heldu daiteke Victor Claver, Rafa Martinez eta Omar Cook eta Nando de Colo antolatzaileekin.
Partida, baina, taulapean desorekatu daiteke, eta hortxe lehia estua izango dute partidako bi erraldoiek, Baracek (2,17 metro) eta Sundovek (2,21 metro).