Itxi

Saskibaloia

LAN GATAZKA

ACB eta jokalariak asteartean bilduko dira adostasun bila

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Jokalariek grebara deitu dute asteazkenerako, eta horrek arriskuan jarriko luke Errege Kopa jokatzea.

  • Rafa Jofresa eta Felipe Reyes, ABPko ordezkariak. Argazkia: EFE

    Rafa Jofresa eta Felipe Reyes, ABPko ordezkariak. Argazkia: EFE

Saskibaloi Kluben Elkartea (ACB) eta Saskibaloi Jokalari Profesionalen Elkartea (ABP) batzartu egingo dira astearte honetan Kirol Batzorde Gorenaren egoitzan hitzarmen kolektiboaren gaineko adostasun batera iristeko asmoz. Izan ere, jokalariek grebara deitu dute asteazkenerako, eta horrek arriskuan jarriko luke Errege Kopa jokatzea.

Jose Ramon Lete Kirol Batzorde Goreneko presidenteak bitartekari lanak egingo ditu, aurreko ostegunean egin legez. Joan zen asteko bileran, baina, akordiorik gabe bukatu zuten bilera.

Greba egiteko deia

Aurreko bileraren ostean, Alfonso Reyes buru duen ABPk jokalarien greba iragarri zuen, abenduaren 14an, 00:00etan, hasiko litzatekeena. Horrek duda-mudan jarriko luke otsailaren 15etik 18ra bitartean Kanaria Handian jokatzekoa den Errege Kopa.

Gatazkaren oinarria Funts Sozialean datza, hau da, ACBk urtero jokalarien sindikatuari ordaintzen dion zenbatekoa. Orain arte kopuru finkoa zen, eta ACBk eredua aldatzea proposatu du, aldakorra izan dadin, telebistetako diru-sarreren araberakoa, hain zuzen ere.