Saskibaloia
Errege Kopa
Real Madrilek eta Bartzelonak jokatuko dute Errege Kopako finala
Agentziak | Erredakzioa
Endesa Ligako lehenengo biek pronostikoak bete dituzte, eta Joventut eta Tenerife kanporatu dituzte, hurrenez hurren. Aurrez aurre arituko dira Madrilgo finalean.
-
Thomas Heurtel, Bartzelona eta Teneriferen arteko norgehiagokan / Argazkia: EFE.
Real Madrilek eta Bartzelona Lassak pronostikoak bete dituzte, eta aurrez aurre arituko dira Errege Kopako finalean, igandean 19:30etan, finalerdietan Divina Seguros Joventut eta Iberostar Tenerife kanporatuta, hurrenez hurren.
Azken hamar urteetan denboraldiko lehenengo titulua eskuratzeko borrokan egongo diren zazpigarren aldia izango da. Endesa Ligako lehenengo bi postuetan daude, eta biak dira titulu gehien dituzte taldeak.
Seigarren aldiz jarraian jokatuko du finala Real Madrilek. Zuriak Divina Seguros Joventuti gailendu zaizkio (93-81), argi eta garbi nagusi izan diren partida batean, Nicolas Laprovittola lotuta mantentzeari esker.
Lehenik Fabien Causeur izan da, gero Jeff Taylor, baita Facundo Campazzo, Sergio Llull eta Jaycee Carroll ere. Joventuteko antolatzailea fisikoki lehertu arte estutu dute.
Gustavo Ayon mexikarrak eta Gabriel Deck argentinarrak egindako neurketa handiarekin batera, eta errebotean nagusitasuna izateari esker, Real Madrilek eragozpenik gabe irabazi du.
FITXA TEKNIKOA
Real Madril: Causeur (2), Randolph (15), Campazzo (16), Ayon (16) eta Deck (11) —hasierako taldea—, Rudy (3), Llull (8), Reyes (5), Carroll (5), Tavares (4) eta Taylor (8).
Divina Seguros Joventut: Lopez-Arostegui (4), Laprovittola (14), Todorovic (14), Harangody (13) eta Ventura (12) —hasierako taldea—, Dimitrijevic (4), Morgan (20), Delia, Nogués y Mathias.
Partzialak: 26-18, 22-20, 23-14 eta 22-29.
Jardunaldiko lehenengo finalerdian, Bartzelona Lassak espero baino errazago bukatu du Iberostar Teneriferen Kopako ametsarekin. Neurketa osoan zehar izan da nagusi (92-86), eta horrek 2018an eskuratutako titulua defendatzea ahalbidetuko dio.
Azken laurdenean erantzuna eman duen arren, Kanarietako taldea ez da nahikoa aurkari izan Endesa Ligako liderraren kontra. Bien arteko azken neurketetan Iberostar gailendu zen, baina oraingoan ez dute maila bera eman. Bartzelonak azken hamaika urteetako zortzigarren finala jokatuko du.
Kataluniarrak hobeto kantxaratu dira. Pau Ribas eta Thomas Heurtel izan dituzte erasoko arma nagusi. Defentsa sendoak behin eta berriro estutu du Tenerife. Erantzuna ematen kostatu zaie kanariarrei, eta erasoaldi bakoitza bukatzeko zailtasun handiak izan dituzte.
FITXA TEKNIKOA
Bartzelona Lassa: Heurtel (11), Ribas (14), Claver (7), Singleton (2), Tomic (4) —hasierako taldea—, Pangos (12), Seraphin (10), Hanga (11), Kuric (12) eta Oriola (9).
Iberostar Tenerife: White (3), San Miguel (6), Beiran (2), Abromaitis (24), Iverson (3) —hasierako taldea—, Staiger (6), Richotti (3), Niang (-), Brussino (3), Bassas (13), Saiz (8) eta Gillet (5).
Partzialak: 17-15, 24-14, 31-23 eta 20-34.