Itxi

Saskibaloia

Erreginaren Kopa

Perfumerias Avenida, Kopako txapeldun

eitb.eus

Salamancako taldeak 71-79ko emaitzarekin irabazi dio finala Spar CityLift Girona taldeari. Ondorioz, Gasteizko Erreginaren Kopako garaikurra altxatu du.

  • Perfumerias Avenida. Argazkia: EFE

    Perfumerias Avenida, Gasteizko 2019ko Erreginaren Kopako txapeldun. Argazkia: EFE

Perfumerias Avenida taldea da 2019ko Gasteizko Erreginaren Kopako txapelduna. Salamancako taldeak 71-79ko emaitzarekin irabazi dio final handia Spar CityLift Gironari. Hirugarrenez jarraian irabazi du Kopa Perfumeriasek.

Hasieratik agindu du Perfumerias Avenidak. Neurketa estu joan da, baina beti ibili da Salamancako taldea markagailuan agintzen. Lehen laurdenaren amaieran sei puntuko abantaila eskuratu du Perfumerias Avenidak (18-24). Bigarren laurdenean ere nagusi izan da Salamancako taldea, bederatzi punturainoko errentak lortuta, baina atsedenaldira iritsi orduko, sei puntura murriztu du desabantaila Gironak (37-43).

Atsedenalditik kantxara itzuli ostean, lehiak bizi jarraitu du. Neurketa joan-etorrikoa izan da. Bi taldeek ondo jokatu eta ikuskizun ona eskaini dute, baina Perfumerias Avenidako jokalarien kalitatea nagusitu da hirugarren laurdenean (54-63).

Azken laurdena oso lehiatua izan da. Perfumerias Avenida taldea aurretik ibili den arren, Spar CityLift Gironak ez du burua makurtu eta azkeneraino jarraitu du borrokan. Ia partida guztia atzetik joan den arren, Kataluniako taldea lau puntura gerturatu da azken txanpan. Hala ere, Girona gerturatzen zen bakoitzean, Salamancako taldeak abantaila berriro 7-8 puntura handitzen zuen. Azken minutuak ondo kudeatu ditu Perfumerias Avenidak, eta garaipena lortu du (71-79).

Fitxa teknikoa:

71 - Spar CityLift Girona (18+19+17+17): Palau (4), Nuria Martinez (5) Murphy (-), Hampton (12) eta Colhado (10) -hasierako taldea-, Buch (-), Williams (18), Oma (-), Dongue (9) eta Reisingerova (10).

79 - Perfumerias Avenida (24+19+20+16): Dominguez (6), Loyd (9), Givens (7), Elonu (11) eta Robinson (13) -hasierako taldea-, Goree (4), Eldebrink (6), Asurmendi (-), De Souza (20) eta Laura Gil (3).

Epaileak: Yasmina Alcaraz, Asuncion Langa eta Sara Pelaez. Kanporaturik gabe.