Saskibaloia
Eurokopako 2. jardunaldia
Lointek Gernikak Uni Gyor hartuko du gaur Malosten
eitb.eus
Bizkaitarrek 20:00etatik aurrera hartuko dute Hungariako taldea, eta norgehiagoka zuzenean jarraitu ahal izango da ETB4n eta eitb.eus-en.
Lointek Gernika Bizkaiak Eurokopako ligaxkako bigarren jardunaldia jokatuko du gaur iluntzeko 20:00etan. Bizkaitarrek Uni Gyor Hungariako taldea hartuko dute Malosten, aurreko jardunaldian Perfumerias Avenidaren kantxan galdu eta gero (62-59). Dena den, aipatu porrota ez zen larria izan, Salamancakoak multzoko buru izateko zein txapelketa bera irabazteko faborito argiak baitira.
Halaber, txapelketaren estreinaldian esku hutsik bueltatzeak ez du iluntzen Mario Lopezek entrenatutako taldea egiten ari den denboraldi hasiera ona; izan ere, sasoi betean ekin dio liga txapelketari, eta horren adierazle da Emakumezkoen Endesa Ligan hirugarren postuan dagoela kokatuta, lau lehia irabazi eta bakarra galdu ondoren. Gernikarrek garaipen bakarrera dituzte sailkapenaren buruan agertze diren Perfumerias Avenida eta Spar Citylift Girona taldeak.
Bere aldetik, Lointeken aurkariak Portugalgo Olivais taldea jipoitu zuen lehendabiziko jardunaldian, 76 eta 62 emaitzarekin, eta, hartara, F multzoko lider gisa kantxaratuko da Malosten.
Partida arratsaldeko 20:00etan hasiko da, eta zuzenean jarraitu ahal izango da bai telebistaz (ETB4 katearen bitartez), bai internetez (eitb.eus-en).