Itxi

Saskibaloia

EUROKOPA

Kanporaketa oso aldeko duela joango da Lointek Gernika Hungariara (91-73)

AGENTZIAK | EEREDAKZIOA

Bizkaitarrek 18 puntuko aldea lortu dute, eta horrek Eurokopako final-hamaseirenetako kanporaketa gainditzeko faborito bihurtzen ditu.

1:00
Lointek Gernika

Lointek Gernika Bizkaiak Eurokopako final-zortzirenetarako sailkapena bideratuta utzi du asteazken honetan, Hungariako KSC Szekszard taldea 91-73ko emaitzarekin jipoitu baitu Malosten.

Hain garaipen sendoa lortzeko bidean, zerikusi zuzena izan du etxekoek bigarren laurdenean eskuratu duten 19-3ko partziala, Naiara Diez kapitainaren bi hirukok hasi dutena. Izan ere, bigarren laurden horren bukaeran, Mario Lopezen neskak 14 puntuko aldearekin joan dira aldagelara (46-32).

Aurretik, baina, oso emaitza estuarekin amaitu da lehen laurdena (20-18), nahiz eta gernikarrek aldeko tartea zabaldu duten birritan (15-5 eta 20-12); alabaina, bisitariak aldea murrizteko gai izan dira lehendabiziko 10 minutuen amaieran.

Neurketari irabazten ekin diote hungariarrek (0-2), eta bigarren laurdeneko hasierako segundoetan ere agintzen jarri dira (20-22), 0-10eko partziala eginda. Aitzitik, aipatu bezala, etxekoen erreakzioa etorri da gero, lehia erabakita utzi duena.

Hortik aurrera, hirugarren laurdenaren amaierako emaitzak (65-48) zein norgehiagoka amaierakoak (91-73) Lointek Gernikaren nagusitasuna islatu besterik ez dute egin. Ondorioz, 18 puntuko abantaila horrek faborito bihurtzen ditu bizkaitarrak datorren asteazkenean Hungarian erabakiko den kanporaketari begira.

Etxekoen aldetik, honako hauek izan dira gehien nabarmendu diren jokalariak: Julie Wojta (13 puntu, 6 errebote, 6 asistentzia eta 23 puntuko balorazioa), Blake Dietrick (18 puntu, 7 asistentzia eta 21eko balorazioa), Belen Arrojo Granadako hegal-pibota (12 puntu, 4 errebote eta 18 puntuko balorazioa), Nikolina Milic pibot bosniarra (21 puntuko balorazioa) eta Gaby Ocete joko-antolatzaile balearra (10 puntu, 4 asistentzia eta 13 puntuko balorazioa).

Bisitariei dagokienez, Sara Krnic pibota (16, 7 eta 16), Tyaunna Dominique Marshall estatubatuarra (15, 6 eta 18) eta Ivana Djokic kroaziarra (14) nabarmendu dira.

Fitxa teknikoa:

91 - Lointek Gernika Bizkaia (20+26+19+26): Ocete (10), Dietrick (18), Wojta (13), Arrojo (12) eta Milic (21) –hasierako bostekoa–; Mazionyte (7), Diez (6), Lo (4), Ariztimuño eta Molina.

73 - KSC Szekszard (18+14+16+25): Agnes Studer (12), Marshall (15), Dojkic (14),  McCall (4) y Ruzickova (7) –hasierako bostekoa–; Theodorean (5), Krnic (16), Kiss eta Balint.

Epaileak: Nuno Monteiro (Portugal), James Kerry Dominique (Gibraltar) eta Maxime Boubert (Frantzia). Dietrick (39. min) eta Marshall (40. min) kanporatu dituzte faltengatik.