Itxi

Saskibaloia

Endesa Liga

Endesa Ligako azken fasea ez dute Iruñean egingo, Valentzian jokatuko dute

Agentziak | Erredakzioa

Bilbao Basketek eta Baskoniak parte hartuko dute, eta sailkatuak bi multzotan arituko dira, ekainaren 17tik 30era arte.

  • Endesa Ligako azken fasea Valentzian jokatuko dute

    Endesa Ligako azken fasea Valentzian jokatuko dute. Argazkia: EFE.

Endesa Ligako azken fasea, alegia, 2019-2020 denboraldiko txapelduna zein talde den zehaztuko duen fasea, Valentzian jokatuko dute, ekainaren 17tik 30era. Beste bederatzi hiri zeuden egoitza izateko hautagaien artean, Iruñea tartean, baina Valentzia gailendu da.

Erabakia asteazken honetan hartu du ACBk, hau da, Saskibaloi Kluben Elkarteak. ACBk berak adostu zuenez, azken fase horretan txapelketa larrialdi-egoeragatik eten zutenean sailkapeneko lehen hamabi postuetan zeuden taldeek parte hartuko dute.

Valentzian partidak jokatzeko bi leku daude: Fuente de San Luis pabiloia eta L'Alqueria del Basket kirol-hiria. Beste bederatzi hautagaiak hauek ziren: Madril, Bartzelona, Zaragoza, Iruñea, Andorra, Almeria, Mahon (Menorca), Tenerife eta Kanaria Handia.

Bilbao Basket eta Baskonia, A multzoan

Sailkatuak sei taldeko bi multzotan lehiatuko dira, eta bost partida jokatuko du bakoitzak, multzoko gainerako taldeen aurka. Multzo bakoitzeko bi talde sailkatuko dira, eta lau talde horiek arituko dira finalerdietan; garaileek jokatuko dute finala. Kasu guztietan, kanporaketak partida bakarrekoak izango dira.

RETAbet Bilbao Basket eta KIROLBET Baskonia A multzoan lehiatuko dira, Bartzelonarekin, Iberostar Teneriferekin, Unicajarekin eta Joventutekin batera. B multzoan, aldiz, Casademont Zaragoza, MoraBanc Andorra, Valentzia Basket, San Pablo Burgos eta Herbalife Kanaria Handia izango dira.