Itxi

Saskibaloia

ENDESA LIGAKO AZKEN FASEA

Bilbao Basketi ihes egin dio garaipenak luzapenean (79-86)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Mumbruren mutilek azken jaurtiketa izan dute 5 minutu gehigarrietara ez iristeko, baina Rouselleren urruneko ahaleginak ez du saririk izan.

7:42
Bilbao Basket vs Joventut Badalona

RETAbet Bilbao Basketek galdu egin du berriro, oraingo honetan Badalonako Joventuten aurka (79-86), Valentzian jokatzen ari den Endesa Ligako azken faseko bigarren jardunaldian. Horrenbestez, bilbotarrek punturik lortu ezinda jarraitzen dute lehendabiziko jardunaldian ere irabazi gabe geratu baitziren Baskoniaren aurrean.

Oso estu joan den neurketa izan da, baina arauzko 40 minutuak bukatzear zirela bazirudien partida talde bizkaitarraren alde erabakiko zela; alabaina, ez da halakorik gertatu, eta luzapenean Carles Duranen taldea gehiago izan da.

Dena dela, Mumbruren gizonei lehia amaitzeko 40 segundoren faltan (79-80) Ben Lammersek (5 tapoi) huts egindako bi jaurtiketa libreetan egin die ihes garaipenak

Penyan funtsezkoa izan da Klemen Prepelic 26 minutuz pistan egotea; izan ere, esloveniarra erabakigarria izan da (21 puntu eta 25eko balorazioa). Estatistikari dagokionez, Xabi Lopez-Arostegui bizkaitarrak bikain lagundu zion (13 eta 18).

Minutu askotan, bilbotarren taldeko lanak arrakasta izango zuela zirudien, baina azkenerako indar gabe geratu dira, nahiz eta Jonathan Roussellek (18 eta 17), Rafa Martinezek (16 eta 14), Emir Sulejmanovicek (11, 5 errebote eta 15) eta Lammersek (8, 6, 5 eta 16) partida ona jokatu duten.

'Beltzezko gizonek' hobeto ekin diote lehiari, Sulejmanovic-Balvin barneko bikotearen babespean. Horrela, Mumbruren mutilak 13-6 aurreratu dira lehen bost minutuak igaro ostean, egun eta erdi lehenago Baskoniaren aurka egin zuten legez.

Baina Prepelic kantxaratzearekin batera, puntuak sortuta gainera, Joventutek markagailua irauli du, 20-23ra arte. Lehen laurdena saski batetik besterako Rousselleren saskiratzen batekin amaitu da (22-23).

Bigarren laurdenak lehenengoaren azken minutuetako parekotasunari eutsi dio, eta bi taldeek izan dute markagailuan agintzen joateko parada (35-31, 37-40). Atsedenaldira bizkaitarrak iritsi dira aurretik, Schreiner urrutitik sartutako hiruko bat dela medio (45-43).

Tarte horretan, Bilbao Basket hobeto aritu da barrutik, hiru txapel jarri dituen Lammers ikusgarri batekin, Balvinekin eta Sulerekin; aitzitik, Joventutek, Prepelicen saskiratzeen bultzadarekin (14 puntu eta 19ko balorazioa 9 minutu baino gutxiagotan), erantzun ona eman die beltzezkoei, bigarren zatiaren bilakaeraren zain.

Hirugarren laurdenari ere hobeto heldu dio Bilbao Basketek, defentsa gogorragoarekin eta 7-0ekoarekin (52-43). Joventutek Prepelicen parte-hartzea behar izan du ostera, eta berak erdietsitako bost punturen bidez katalanek 1-7ko aldeko partziala eskuratu dute, neurketa orekatzeko balio izan diena (53-50).

Dena dela, ausart jardun duen Rousselleren 2+1eko batek (Schreiner taldekideak min hartu ondoren) 56-50ekoa jarri du markagailuan, hirugarren partzialaren.

Sei puntuko alde hori ez zen abantaila txarra beltzezkoentzat, baina azken laurdeneko lehen lau minutuetan ezerezean geratu da, Parrak eta Dimitrijevicek gidatutako 3-13ko kontrako partzialarekin, Mumbruk hutsarte batekin gelditu behar izan duena.

Ondoren, Lopez-Arosteguiren hiruko batek bost puntuko abantaila aitortu dio Joventuti, baina Bilbao Basketek erreakzionatu egin du, eta abantaila txiki batekin sartu da azken txanpan.

Haatik, minutu erabakigarriak izan behar zutenak ez dira horrela suertatu, Morganen saskiratze baten ostean, ordura arte bikain aritu den Roussellek ez du asmatu urrutik egindako hiruko ahalegin batekin, eta, horrenbestez, berdinketarekin bukatu dira lehen 40 minutuak (73-73).

Morganek bere berpiztearekin jarraitu du luzapenaren hasieran (73-78). Bilbao Basketek azken erreakzioa izan du, baina 40 segundoren faltan Ben Lammersek huts egindako bi jaurtiketa libreek indarge utzi du markagailuari buelta emateko bilbotarren ahalegina (79-80 zihoazen galtzen une horretan).

Azkenerako, 79-86koarekin bukatu da norgehiagoka, eta emaitza horrek Penya suspertu eta Bilbao Basket hondoratu du.

Fitxa teknikoa:

79 - RETAbet Bilbao Basket (22+23+11+17+6): Rousselle (18), Serron (6), Sergio Rodríguez (5), Sulejmanovic (11) eta Balvin (5) –hasierako bostekoa–; Schreiner (5), Rafa Martínez (16), Rigo (3), Cruz (2) eta Lammers (8).

86 - Club Joventut de Badalona (23+20+7+23+13): Zagars (2), Ventura (6), López-Arostegui (13), Morgan (9) eta Omic (9) –hasierako bostekoa– Dimitrijevic (11), Busquets (4), Prepelic (21), Parra (9) eta Stevic (2).

Partzialak: 22-23, 45-43 (atsedenaldia); 56-50, 73-73 (arauzko denboraren amaiera); eta 79-86 (luzapena).

Epaileak: Miguel Ángel Pérez Pérez, Luis Miguel Castillo eta José Ramón García Ortiz. Ez dute inor kanporatu.