Itxi

Saskibaloia

Finalerdiak

Lointek Gernikak ezin izan du Valentzia gainditu eta agur esan dio Kopari (57-46)

A. A. | EITB MEDIA

Etxekoen defentsak eta nekeak ito egin ditu gernikarrak, eta hirugarren laurden txarrak erabakita utzi du lehia.

  • Belen Arrojo Leticia Romeroren defentsa gainditu nahian.

    Belen Arrojo Leticia Romeroren defentsa gainditu nahian. Argazkia: EFE

Lointek Gernikak ezin izan du Valentzia Basket gainditu Erreginaren Kopako bigarren finalerdian, etxekoen defentsak eta kontraerasoek ito egin baitituzte bizkaitarrak (57-46).

Etxekoak partida defentsatik menderatzeko prest atera dira, eta euskal taldea deseroso aritu da bai baloia zirkulatzeko garaia, bai jaurtiketak egiterakoan. Ondoren, Cristina Ouviñak, Queralt Casasek eta Rebecca Allenek osatu duten hirukotearen azkartasunari esker, lehen tartea zabaldu dute valentziarren hasierako 10 minutuen amaieran (19-10).

Partida ihes egiten ari  zitzaiola ikusita, Mario Lopezen taldea bizkortu egin da, eta Margaret Roundtreeren bat eta Angie Bjorklunden pare bat hirukoren bitartez lehiakor jarraitu du tartea batean. Alabaina, ez du jarraipenik izan, Nogaye Lo bakarrik aritu baita eraginkor saskiratzeetan.

Ruben Burgos etxekoen entrenatzaileak hasierako bostekoa berreskuratu du, eta Allenen bultzadak eta aurkariaren defentsari aurre egiteko lasaitasunak atsedenaldira norgehiagoka kontrolpean iristea ahalbidetu die valentziarrei (31-24).

Belen Arrojoren pare bat ekintzek Gernikako taldea bide onera bueltatu dute, baina grina horrek hurrengo erasoaldietan jaurtiketa-aukeraketa kaskarragoa ekarri die bizkaitarrei, Valentziak kontraeraso berriekin zigortu duena berehala.

Partida kontrolpean izanda, etxekoek aurretik izan ez duten konfiantza eduki dute kanpoko jaurtiketan, eta bere aldea sendotu du azken partzialean sartu aurretik, Ouviñaren eta Leticia Romeroren eskutik (53-37).

Talde bizkaitarra hiru astez geldirik egon ondoren iritsi da txapelketara, eta amaiera estutzen saiatu den arren, hauspoa eta argudioak falta izan zaizkio.

Valentziak nahikoa izan du norgehiagoka lokartzea garaipena zalantzan ez jartzeko; Dena den, Ruben Burgosek hutsarte bat eskatu behar izan du Mario Lopezen taldearen hiruko pare batek ezinegon apur bat eragin baitie.

Fitxa teknikoa:

57 - Valentzia Basket (19+12+22+4): Ouviña (7), Casas (6), Allen (13), Gil (10) eta Gülich (6) –hasierako bostekoa- Gómez (1), Romero (8), Juskaite (-), Carrera (2), eta Trahan Davis (4).

46 - Lointek Gernika (10+14+13+9): Aritztimuño (5), Buch (2), Bjorklund (7) eta Roundtree (3), Lo (12) –hasierako bostekoa- Cornelius (-), Arrojo (5), Ivanovic (6), Alberdi (-), Ginzo (5) eta Colhado (1).

Epaileak: De Lucas, García Crespo eta Baena. Ez dute inor kanporatu.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena