Itxi

Saskibaloia

Emakumezkoen Endesa Liga

Lointek Gernika, lehen aldiz Ligako finalerdietan (74-64)

A. A. | EITB MEDIA

Joaneko partidan Movistar Estudiantesek lortutako bost puntuko abantailari buelta emateko gai izan dira gernikarrak.

0:57
Lointek Gernika Bizkaia

Lointek Gernika Bizkaia Emakumezkoen Endesa Ligako finalerdietara sailkatu da igande honetan, Movistar Estudiantes taldea final-laurdenetako itzuliko neurketan kanporatu eta gero (74-64).

Gernikarrek bost puntuko aldearekin galdu zuten Madrilen, joan zen asteazkenean jokatu zuten joaneko partidan (47-42), baina emaitza horri buelta emateko gai izan dira irabaztea oso zail jarri dion talde igo berriaren kontra; izan ere, norgehiagoka azken bi minutuetan erabaki da, etxekoek erdietsi duten 11-3ko partzialari esker.

Madrildarrek markagailuan goitik zirela amaitu dute lehen laurdena (12-15), eta atsedenaldira hiru puntuko aldearekin joan dira (36-33), kanporaketa gainditzeko lain punturekin.

Hirugarren laurdenean, ordea, etxekoak nagusitu dira (53-44). Halere, azken hamar minutuetan sufritzea egokitu zaie, izan ere, kanporaketa ezin izan dute erabaki azken minutuetara arte. Bisitariak baino eraginkorrago aritu dira orduan, madrildarrak jaurtiketa libreen marratik kamuts aritu baitira azken txanpan.

Nadia Gomes izan da Bizkaiko taldeko jokalaririk onena, 18 puntu, sei errebote eta 18ko balorazioarekin. Roso Buchen puntuak ere (14) taldeak gehien behar zituenean heldu dira, eta Nogaye Lo Syllaren saskipeko lana ere (10 errebote) nabarmentzekoa izan da.

Horrela, Lointek hurrengo kanporaketan aritzeko sailkatuta dagoen hirugarren taldea bilakatu da, Perfumerias Avenida eta Spar Gironarekin batera. Aurreko biek faboritoen papera bete zuten larunbatean, final-laurdenetako itzulerako partidetan, Spar Kanaria Handia eta Ciudad de la Laguna taldeen aurka garaipena errepikatuta.

Laugarren kanporaketa, Valentzia Basket eta Duran Maquinaria Ensino taldeen artekoa, atzeratu egin behar izan zuten, Galiziako taldeko kide batek covid-19an positibo eman ostean. Kanporaketa hori jotzeko data erabakitzeko dago oraindik.