Itxi

Saskibaloia

Flammesen aurka galdu du

Lointek Gernika, beste emaitzen zain Europan aurrera egiteko

A. B. E. | EITB Media

Bizkaiko taldeak galdu egin du Flammes Caroloren aurka (56-58) Malosten jokatu duen multzoen faseko 6. jardunaldiko partida. Orain, beste taldeen emaitzen zain daude txapelketakn jarraituko duten ikusteko.

0:36
Lointek Gernika

Lointek Gernika Bizkaiak galdu egin du Flammes Caroloren aurka (56-58) asteazken honetan Malosten (Gernika-Lumo) jokatu duen Eurokopako multzoen faseko seigarren jardunaldiko partida. Hala, ostegun honetan jokatuko diren beste taldeen emaitzen zain daude txapelketan aurrera egingo duten ala ez jakiteko.

Izan ere, Gernikako taldeak oraindik badu txapelketako hurrengo fasera sailkatzeko aukera, nahiz eta, multzoen faseko azken jardunaldiko porrotaren ostean, Bizkaiko klubak berak uste zuen aukerarik gabe zegoela. Alabaina, FIBAk H multzoko hirugarren postuan kokatu ditu bizkaitarrak sailkapenean, eta, ondorioz, lau hirugarren onenen artean sartzeko parada dute oraindik.

Neurketari dagokionez, ondo ekin dio Lointek Gernikak, eta aldea lortu du lehen minutuetan (8-2, 12-5 eta 15-8), baina Frantziako taldeak bi puntura murriztu du desabantaila lehen laurdenaren amaieran (15-13).

Bigarren laurdena parekatua izan da. Hasieran, aurrea hartu du markagailuan Flammes Carolok (15-18); ondoren, ordea, partida berdindu du etxeko taldeak (20-20). Atsedenaldira iritsi aurreko minutuetan, parekotasuna izan da nagusi, eta berdinduta amaitu dira norgehiagokako lehen 20 minutuak (28-28).

Atsedenaldiaren ostean, norgehiagokaren gidoia ez da aldatu. Lointek Gernika aurretik joan da ia hirugarren laurden osoan zehar, abantaila txikiekin, baina emaitza estua izan da, eta Flammes Carolok puntu bateko errenta lortu du (45-46) azken laurdenari ekiteko.

Bi taldeek lehia estua eskaini dute azken unera arte. Bi taldeetako bat ere ez da gai izan markagailuan zuloa egiteko. Norgehiagokako azken segundoetara bi puntuko abantailarekin iritsi da talde bisitaria; Lointek Gernika Bizkaiak baloiaren azken jabetza izan du, baina ez du ondo baliatu, eta, ondorioz, partida galdu du (56-58).

Fitxa teknikoa:

56 - Lointek Gernika Bizkaia (15+13+17+11): Silva (4), Bjorklund (9), Arrojo (2), Bracaninovic (4) eta Moore (22); Ariztimuño (2), Buch (11) eta Ginzo (2).

58 - Flammes Carolo (13+15+18+12): Bouderra (3), Coffey (16), Akhator (4), Mendy (7) eta Gajic (2); Berkani (5), Pouye (11), Fiebich (10) eta Sy-Diop.

Partzialak: 15-13, 28-28 (atsedenaldia), 45-46, 56-58 (amaiera).

Epaileak: Jose Pedroso (Portugal), Petr Blahout (Txekia) eta Balazs Meszaros (Hungaria). Ez dute inor kanporatu.