Itxi

Saskibaloia

ENDESA LIGA

Kutxabank Araskik hainbat positibo atzeman ditu bere taldean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gasteizko taldeak proba gehiago egingo dizkie jokalariei datozen orduetan, eta horien emaitzek eragina izan dezakete larunbat honetan Baxi Ferrolen aurka jokatu beharreko norgehiagokan.

  • Kutxabank Araskiko jokalariak aurtengo denboraldiko lehia batean.

    Kutxabank Araskiko jokalariak aurtengo denboraldiko lehia batean. Argazkia: EITBren bideo batetik.

Kutxabank Araskik covid-19ak eragindako positiboen zenbait kasu antzeman ditu bere taldean, eta, hala, kasu horietarako ezarritako protokoloa jarri du abian.

Gasteizko taldeak ez du zehaztu zenbat pertsona dauden kutsatuta, proba gehiagoren emaitzen zain baitago, baina positibo eman duten pertsonak dagoeneko euren etxeetan bakartuta eta "ondo" daudela aurreratu du ohar baten bidez.

Era berean, gainerako taldekideei babes-testa egin zaiela eta emaitza guztiak negatiboak izan direla jakinarazi du.

Alabaina, datozen orduetan proba gehiago egingo dituela aurreratu du, eta horien emaitzek eragina izan dezakete larunbat honetan Endesa Ligako hamahirugarren jardunaldiari dagokion Baxi Ferrolen aurkako norgehiagokan (18:30).